«Hizkuntzak ez dira hiltzen, hiltzen dituzte. Eta hiltzera kondenatzen gaituzte»
Urteroko txostena kaleratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, euskaldunen hizkuntz eskubideen inguruko kexa, zoriontze eta, oro har, testigantzak jasotzen eta aztertzen dituena. Agurne Gaubekak, Behatokiaren zuzendariak, NAIZ irratian azaldu du datuek urraketak mantendu egin direla azaleratu dutela.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren azken txosteneko ondorio nagusiak, eta hauek jasotzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoak aztertuko ditu Agurne Gaubekak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak: «Hiltzera kondenatzen gaituzte».
Behatokiaren txostenak 1206 intzidentzia jaso ditu, eta Gaubekak hizkuntza politikak «errotik» aldatu behar direla argiki esan du. Nahiz eta Espainiako Gobernuak hizkuntza eskubideak errespetatzen direla esan, «hitz hutsalak» direla salatu du Behatokiko zuzendariak.
Ipar Euskal Herrian egoera larriagoa da, euskarak ez baitu aitortzarik: «Hezkuntzan ikusi dugu arazo honen adierazle gorena, basoa euskaraz egiteko oztopoak besteak beste». Ortzi-mugan aldaketa zantzurik ez dela ikusten azpimarratu du.
Halaber, agintari politikoen «borondate falta» salatu du. Eta zenbait agintarik, Kutxabankeko presidenteak edo EITBko zuzendariak kasu, azkenaldian esan dituzten hitzak kritikatu ditu: «Garai estuak dira eta horrek ere hizkuntza eskubideetan eragina du».