«Iruindarren pertzepzioa nahi dugu ezagutu lehen eskutik»
Uztailera bitarte, arlo ezberdinetan sanferminek hirian eta herritarrengan duten eragina neurtzen arituko da Iruñeko Udala, herritarrei egingo dizkieten inkesten bitartez. «Gai polemikoenak» ez dituztela saihestuko dio Carlos Andres Uranga udal ordezkariak, tartean zezenketak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Iruñeko Udalak azterlanak egingo ditu San Fermin jaiek arlo sozio-ekonomikoan eta ingurumenean duten eragina edota hiriak helmuga turistiko gisa duen posizioa argitzeko. Honekin batera, jaiok iruindarrek nola bizitzen dituzten hobeto jakin nahi dute, baita hiriko egun handiek beraien bizitzan duten eragina ere. «Iruindarren pertzepzioa nahi dugu ezagutu lehen eskutik», Carlos Andres Uranga, Iruñeko Udaleko Ekonomia Sustapeneko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Arloko zuzendariaren esanetan.
Urangak Naiz Irratian aurreratu duenez, 1000tik gora inkesta egingo dira, Iruñeko «14 puntu esanguratsuenetan». Galdekatuen kopurua, batez ere aurrez aurrekoa izango dela eta toki ezberdinetan egingo dela aintzat hartuta, «irudi fidagarri bat» ematea espero dute Iruñeko Udalean, «jasoko ditugun datuen kalitatea ona izango da».
Argazki oso bat nahi dute eta horretarako gai samurrak ez dituztela ahaztu iragarri du Carlos Andres Urangak, «ez ditugu saihestu nahi izan gai polemikoenak eta galdetuko da baita ere zezenketen inguruan duten pertzepzioaz».