IRRATIA

Gaizka Insunzaren alderik intimoena ezagutzeko, ‘Iaz’ diskoa kalean da

Audience taldearekin lotzen dugu Gaizka Insunzaren izena, baina musikari gernikarrak bakarkako bidean hau bigarren diskoa du. 2019an atera zuen debuteko lana eta, 5 urte beranduago, 2024ko azaroan, ‘Iaz’ izeneko bigarrena kaleratu du. Bakarka sortua eta urte luzez tiraderan gordea.

Bakarka eta pianoan aritu da disko hau lantzen Gaizka Insunza gernikarra. (Virginia CRUZ)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Instrumentazio xumea eta erritmo geldoak nagusitzen dira diskoan», dio Gaizka Insunzak biDEhUTSen bandcampeko orrialdean ‘‘Iaz’’ diskoa deskribatzerakoan. Eta ez zaio arrazoirik falta, baina horrela esanda badirudi zerbait sinplearekin egingo dugula topo, eta ez da horrela.

Zortzi kantu ditu diskoak, guztiak ere 2020an sortuak, nahiz eta 2024ko udazkenean kaleratu duen lana. Insunzak beti egin izan dio keinu Estatu Batuetako musikari eta handik ere asko edan du, hala, orain arte sortu izan duen musika asko ingelesez izan da, baina disko hau erabat euskaraz idatzi du gernikarrak. ‘‘Kalifornia’’ da diskoa irekitzen duen kantua, americana estilo garbian, bakarlari izaera markatuarekin. Eta lehenengo kantutik intstrumentu ugari entzuteko aukera ematen digu Insunzak, presentzia handia duen paretako piano bat barne. Gitarra, ahoko-soinua… halako elementuak ere ageri dira. Eta ez da harritzekoa, diskorako aipatzen dituen erreferentzien artean Brian Wilson, Elvis Costello, Randy Newman eta Joe Henryren lanak edota Bob Dylanen azken diskoak aipatzen baititu.

Country mundura eramaten gaitu ‘‘Kantu bat zuretzat’’ abestiarekin Insunzak. Baxuan haizea entzun daiteke, eta egurrezko haizezko instrumentu bat tarteko, berotasuna nabarmena da kantuan. Haur bat entzuten da abestian, eta aitatasunetik idatzia dela pentsaraztera eramaten gaitu horrek, baina azken unean sartutako soinua izan da haurrarena, izan ere kantua idatzi zuenean aita izan gabe baitzen oraindik gernikarra. Zaratatxo batzuk ere entzuten dira abestian eta trenaren irudia ekartzen digu horrek burura. Berotasunak eta erritmo konstanteak, kasik sehaska kanta izatera ere eramaten du abestia.

Bigarren zati esperimentalagoa

Diskoaren lehen bi abestien ostean, hirugarren americana abesti bat ere badator. Gitarra dirdiratsu bat, hammonda eta theremina dira protagonista nagusiak maitasun adierazpen bat kontatzen digun ‘‘Toki bat niretzat’’ abestian.

‘‘Iaz’’ diskoari izena ematen dion abestian soulera bidaiatzen dugu erabat. Pianoak eta ahots lehorrak bide horretan jartzen gaitu eta Ruben Garatearen akordeoiak bikain ematen dio jarraipena abestiari. Bukaeran, halako amorru bat ere kanporatzen du Insunzak. Badirudi bi pertsonen arteko pasioa itzali dela abesti horretan, eta halako trilogia bat osatzen duela aurreko kantuarekin eta atzetik datorren ‘‘Behin ta berriz’’ abestiarekin, izan ere elkar zaintzearen inguruan hitz egiten du kantu erabat biluzi horretan.

‘‘Iazz’’ abestia argi eta garbi ‘‘Iaz’’ kantuan oinarritzen da, baina erabat aldatzen du Insunzak, jostari aritu baita jazz girora eramanaz abestia eta instrumental bihurtuta. Pianoman baten gisan irudikatu dezakegu musikari gernikarra ‘‘Ez dakit ezer’’ piezan, zalantzaz josita eta etsita dagoen pertsona baten ikuspegitik idatzitako hitzak dituena. Kalifornian hasitako bidaia, Kaliforniako Pasadena hirian bukatzen du Insunzak, izen bera daraman abestiarekin. Errepideko beroa dario abestiarei, pedalsteel doinuak, tambourinea… Bakardadean eta apurtuta bukatzen den kantua, azken akorde minor batek lagunduta. 

Zuzeneko gutxi

Zuzenekoei begira pretentsio askorik gabe sortu du diskoa Insunzak, baina baditu data batzuk. Lehenengoa apirilaren 3an izango da, ostegunean, Bilboko Kafe Antzoki Kutxa Beltzean. Atzetik, maiatzaren 3an Gernikako Lizeo Antzokian ere izango da. Diskoa bandcamp bidez eskuratu daiteke eta Insunzarekin izan genuen elkarrizketa goiko aldean duzue entzuteko moduan.