«Nafarroarekin elkar ulertzeko ateak irekita daude eta zubiak luzatu ditugu»
GRABNI lehiaketa hastear dela Euskadiko Pilota Federazioak eta Nafarroakoak akordioa erdietsi dute Nafarroako pilotariek ere parte har dezaten. Ez da halakorik Errioxako Federazioarekin, TASen aurrean Espainiako Federazioak ezarritako salaketarekin lerratu delako.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Euskadiko Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan eskubide osoko kide gisa onartu zuten pasa den abenduaren 28an. Erabaki horren aurrean salaketa ezarri du Espainiako Federazioak, Kubakoa lagun, TAS Kirol Arbitraia Tribunalaren aurrean. Bestelako bitartekaritzaren bidetik joatea proposatu omen zaio Espainiako Federazioari, baina tematuta jarraitzen du bere erabakian, eta erdibidean Nafarroa ere harrapatzekotan izan da, GRABNI lehiaketa jokatzeko bezperetan. Euskadiko eta Nafarroako Federazioen artera sestra hedatzea, besterik ez zatekeen faltako.
Igaro da eguna. Nafarroa eta Errioxa GRABNI lehiaketan izango dira?
Nafarroakoak bai, Errioxakoak, ez.
Nolatan hartu duzue erabaki hori?
Ostegunean, arratsaldeko seietan Errioxakoekin bildu ginen eta ez ginen beraiekin akordio batera iritsi. Guk mahai gainean jarri genuen egoera hau dela dena Espainiak TASen aurrean guri, Euskadiko Federazioari, jarritako salaketari buruz, eta ondorioz, horretaz aritu ginen.
Errioxako (Federazioko) presidentea da baita ere Espainiako (Federazioko) presidenteordea eta, beraz, bera ados zegoela Espainiak Euskadiren aurkako salaketa horrekin ados zegoela eta tira, guk hori ez genuen ongi ikusten. Aurrena gonbidatu genuen ustez konponduko ginelakoan, baina beraiek salaketarekin aurrera jarraitzen dute eta orduan, koherenteak izanik eta Nazioarteko Pilota Federazioak –FIPV– hartutako erabakiarekin bat eginez, guk ere, salaketa hori ez badigute kentzen, Errioxa kanpoan geratzen da. Ez dugu inongo motiborik ikusten Espainiak zergatik sartu digun salaketa hau.
Nafarroarekin, berriz, parte hartuko dutela esan duzu. Atzo –ostegunean– ikusi genuen Nafarroako Federazioko Lehendakariak agerraldia egin zuela. Zer adostu da Nafarroarekin?
Adostu da ateak irekita daudela, edo zubiak luzatu ditugula eta hurbiltze handia izan dugu, baina era berean, hurbiltze prozesu horretan aurrera jarraitzea adostu dugu ere.
Javier Conde orain arte bera zen Nafarroako Pilota Federazioko presidentea eta orain Espainiar Estatuko Euskal Pilota Federazioko presidentea da. Egon al da hurbilketarik berarekin ere?
Ez, batere ez. Beraiek ez dira beren jarreratik mugitzen. Guk proposatu diegu TASen barruan arbitraiaren ordez bitartekaritzaren bidetik joatea, baina ez dute onartzen. Mediazioaren bitartez uste dugu errazago izango litzatekeela, baina arbitraiaren bidetik bakarrik jo nahi dute eta jarrera horretatik ez dira batere mugitzen.
Salaketarekin aurrera jarraitu nahi dute; guk ez dugu inongo motiborik ikusten Espainiak Euskadiren aurkako salaketa hori sartzeko, baina beraiek aurrera jarraitzen dute eta hauxe da dagoen egoera!
Salaketa horrek zer dio, Euskadi ezin dela Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko parte izan?
Hori da. Beraiek Nazioarteko Federazioa salatzea abenduaren 28an egin zen Batzar Orokor hori zela-eta, ba tira, baina guk han ez genuen parterik hartu. Ez genuen bozkatu. Ez genuen inolako parterik izan. Guk eskaera egin genuen bakarrik eta eskaera egiteagatik salatu egin gaituzte.
Deigarria dena ere Espainiar Estatuko Federazioari jarraiki, hor ere Kuba datorrela. Zergatik jarraitzen du Kubak Espainiaren irizpidea?
Hori beraiek esan beharko dute.
Jakin nahiko genuke salaketa eta beti hauekin Euskadiko Pilota Federazioa zein egoeratan gelditzen den Nazioarteko Federakuntzan.
Ba gu han onartu gaituzte eta urtebeteko trantsizio epea daukagu; hau da, Nazioarteko Federazioan eskubide osoko kide gara, baina urtebeteko trantsizio egoera hau igaro behar dugu. Horrek esan nahi du ezin dugula Nazioarteko Federazioak hartutako erabakien kontra joan behar. Lortzea hainbeste urte eta hainbeste lan kosta zaigun euskal selekzioa lortu eta gero, kanpoan geratu gintezke baldin eta Nazioarteko Federazioak antolatuta dituen kontuetara moldatzen ez bagara. Kasu horretan, berriz ere euskal selekzio ofizialik gabe geratuko ginateke eta hori ezin da arriskuan jarri.
Beto honek eraginik ba al du Euskadiko Federazioko pilotariengan? Hau da, Nazioarteko Federazioen arteko lehiaketaren bat baldin badago, trantsizio egoera horretan egonda ere, beraiek aukera izango dute lehiaketa horretan parte hartzeko?
Euskadiko Federazioko pilotariek horixe jokatu dezaketela. Are gehiago, maiatzaren 31n izango da Nazioen Ligako txapelketa, Euskadiko Federazioak antolatuko duena, eta ez antolatu bakarrik, parte hartu ahal izango dute ere Euskadiko Federazioko pilotariek, euskal selekzio ofizialaren pean.
Jakin nahiko genuke ere, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko hurrengo pausoak zeintzuk izango dira? Zer gertatuko beharko litzateke Euskadiko Federazioa naturaltasun osoz bertako parte-hartzaile izan dadin?
Guk dagoeneko parte har dezakegu! Ez dugu inolako baldintzarik. Ez da besterik urte honetan ezin dugula Nazioarteko Federazioaren aurka joan; ezin dugula FIPVen erabakien aurkako bestelako erabakirik hartu.
Esaterako, Espainiako Federazioak ipini duen salaketa hau guri eta Nazioarteko Federazioari ere sartu digu. Ezin duguna da Nazioarteko Federazioak zerbait egiten badu, guk beste erabaki ezberdin bat hartzea. Orduan bai "zertan ari zarete" esaten etortzerik lukete, oraindik behin behinean gaudelako urtebetez. Ondorioz, kasu horretan, kanpora botatzerik izango lukete. Beraz, FIPVen eskutik joan behar dugu; batetik, FIPVeko partaide garelako eta bestetik, salaketa bioi sartu digutelako. Eskutik hartuta joango ez bagina, FIPVetik kanpora bidaltzeko arrazoi bat izango lukete eta hori ezin dugu inola ere arriskuan jarri.
Hori ere gerta liteke Espainiak martxan duen salaketa horren bitartez; hau da, epaileen erabakia izatea Euskadiko selekzioa Federaziotik botatzea?
Ez. Euskadiko Federazioa ez dute inola ere botako. Dagoen egoeran, Espainiako Federazioari ez liekete Gernikan –maiatzean jokatuko den Nazioen Ligan– jokatzen utziko. TASeko arbitraiaren bitartez mediazio edo bitartekaritzara egingo balitz, orduan FIPVek esan du kasu horretan onartuko lukeela Espainia. Gauden egoeran, zeinek joka dezake Gernikan? Euskasdik bai, Espainiak ez. Espainiak jokatu lezake? Bai, baldin eta TASen jarri duen salaketa hori, arbitraiaren bitartez izan beharrean mediazioaren aldera pasatzen badu.