IRRATIA

«Inork ez du aurreikusten inongo autonomia izpirik Turkiako kurduentzat»

Abdullah Öcalanek egindako su etenerako deiaren atzetik heldu da Rojavako egiturak Siriako Estatuan integratzeko erabakia. «Kurduak oso gutxirekin konformatzen dira», Karlos Zurutuzaren esanetan, irabazteko gutxirekin, bakeari aukera berri bat emateko prest daudelako.

Emakume kurdu bat, Öcalanen alde Erroman egindako protestan. (Marco di Giambito | Europa Press)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Kurdu askok, baikortasunez baina arduraz ere begiratzen diote aurki zabaldu daitekeen agertoki berriari; bakea, nazio kurduaren eta honen eskubideen existentzia onartuko duen testuinguru politiko batean. PKK-k Kurdistango Langileen Alderdiak armak uzteko Abdullah Öcalanek egindako adierazpenari, Rojavan SDF Siriako Indar Demokratikoek Damaskoko gobernu islamistarekin lortutako akordioa gehitu zaio azken egunetan, erakunde deszentralizatu eta multinazional hau Siriako Estatuan integratzeko.

Adierazpena eta akordioa, historikotzat jo dira, baina orain zailena falta da; Turkiak bere konpromisoa agertzea eta Sirian adostutakoa errespetatzea. Karlos Zurutuza da ziur asko azken urteetan Kurdistanekin eta herri kurduarekin harreman gehien eduki duen euskal kazetaria. Lider kurduak Imraliko espetxetik egin zuen adierazpena zabaldu eta gutxira, bere kontaktu kurduengana jo zuela balorazio eske azaldu du Naiz Irratian Zurutuzak, «inork ez du aurreikusten inongo autonomia izpirik Turkiako kurduentzat». Izan ere, kurduek ez dituzte ahazten aurretik izan diren bake saiakera guztiak, Ankarak zapuztutakoak.

Adierazpen honetatik Zurutuzak nabarmentzen duena «informazio falta» da, aurrekoekin alderatuta. Baina DEM alderdi kurduak, hain zuzen ere, «diskrezioa» nahi du, negoziazioak benetako emaitzak eman ditzan. Dena den, errealistak izan beharra dago, eta aurrean dagoen solaskidearen jarreraz jakitun izan, kontziente izateko nekez etorriko dela herri kurduaren burujabetasun politikoan iraultzarik. Zurutuzaren arabera, «turkiarrek eta kurduek esaten zidaten ez zutela aurreikusten inongo autogobernurik. Izatekotan, nolabaiteko amnistia preso politikoentzat, milaka baitaude Turkian edota konstituzioan (Turkiakoan) kurdueraren onarpena».

Iragarpenok ez dute etsita dagoen herri bat erakusten, bere errealitateaz jakitun den eta bakean bizitzeko helburuarekin konprometituta dagoen herri bat baizik. «Laburki esanda; kurduak oso gutxirekin konformatzen dira», Zurutuzak azaltzen duenez, «oinarrizko eskaerak dira», nahikoa dute «estatuaren demokratizazioa» sustatzearekin, Turkian, Sirian eta baita populazio kurdua duten gainontzeko estatuetan ere.

Aro berria Rojavan

Iparraldeko Kurdistanen proposatutako bake prozesuari, Mendebaldeko Kurdistanen aro berri bati ekiteko saiakera batu zaio. Siriako Indar Demokratikoak PPKrena eta eurena «prozesu ezberdinak» direla esan arren, argi du Zurutuzak «lotuta dagoela» guztia. Aste honetan bertan, akordioa sinatu du SDFk Ahmed al Sharaa islamistaren Siriako Gobernuarekin, Rojava deitu duten egitura konfeferal kurdu-arabiarra Siriako Estatuan integratzeko. Besteak beste, miliziak Siriako Armadan integratuko dira eta kurduen eta beste gutxiegoen herritartasuna eta eskubide konstituzional guztiak onartuko dira.

Ikusteke, promestutako autonomia eredua zertan gelditzen den, baina zaila dirudi Ankararen babesa duen Damaskok konfederalismoa demokratikoa baimentzen jarraitzea bere mugen barruan. Hortaz, zergatik eman dute orain pausua kurduek eta asiriarrek? Erantzunetako bat, herriok hamarkada batez bizi izan duten egoera jasanezinarekin du lotura Karlos Zurutuzak dionez, «Azken hamar urte hauei errepasoa egiten badiegu ikusiko dugu kurduak egon direla beti paretaren kontra; Estatu Islamikoa dela, Ankara dela, yihadistak direla, Assad dela ere... daramazkite 10 urtez bizilagunekin etengabeko borrokan. Lortu dute bizirik irautea. Orain, Siriako mapa aldatu da eta baliteke hau izatea aukera bakarra epe ertainean nolabaiteko bizitza duina eduki ahal izateko».