Euskal gizarteak ez du immigrazioa gizarte-arazotzat jo
Ikuspegik 2024. urteko barometroa aurkeztu du, 1.200 inkesta egin ostean. Atzerriko jatorria duten pertsonekiko pertzepzio eta jarreren inguruko azterlanaz eta ondorioez hitz egin du Julia Shershnevak, Ikuspegiko zuzendariak, NAIZ irratian.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, egin du urteroko galdeketa, eta ondorioa argia da: Euskal gizarteak ez du uste immigrazioa gizarte-mailako arazoa denik. Julia Shershnevak, Ikuspegiko zuzendariak, hori azaldu du NAIZ irratian, eta barometroak utzi dituen ondorioak izan ditu hizketagai. Izan ere, euskal herritarrek uste dute badirela lehentasun eta larritasun handiagoko beste gai batzuk.
Zehazki, euskal biztanleen %3,8k uste du immigrazioa zuzenean eragiten diola. «Igoera txiki bat egon da iazkoarekin alderatuta, eta pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondoriozko krisi humanitarioaren aurreko joerara itzuli da», adierazi du. Etorkinen etorrerak ekonomian izan ditzakeen ondorioak aztertuta, oro har, euskal biztanleriak positiboki baloratzen du etorkinek ongizate kolektiboan egiten duten ekarpena: «Lau euskal herritarretik hiruk uste dute atzerritar jatorriko pertsonen lana funtsezkoa dela gure ekonomiaren sektore jakin batzuetan», azaldu du.