Martxoaren 17an abiatuko da 'Inurri Itsuak' fikzioaren filmaketa
Izugarri ugaritu dira filmaketak Bizkaian zerga pizgarrien ondorioz. 'Inurri Itsuak'ere Bizkaian filmatuko da martxoaren 17tik maiatzaren 2ra. Igor Legarretaren proiektu berria 'Las ciegas hormigas' nobelan dago oinarritua eta Itziar Ituno eta Urko Olazabal dira protagonistak.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ramiro Pinillaren 'Las ciegas homigas' dago oinarritua Igor Legarretaren film berria, datorren martxoaren 17an hasiko da filmaketa Bizkaian. Tragedia ilun bat da eleberria eta ikusteke dago tonu hori pantaila handira eramango ote duen Legarretak. Ilargi Guztiak azkenetariko proiektuan egin bezala, Itziar Ituño izango da filmaren protagonista eta, harekin batera, Urko Olazabal jarriko da Jauregitarren buru den Sabas pertsonaiaren azalean.
Pinillak idatzitakoan, Getxoko kostaldean izandako denborale bortitz baten ondorioz, ikatzez betetako itsasontzi ingeles bat batek labarren kontra jotzen du. Giza marea baten antzera, herri oso bat gauez joaten da bere etxeak berotzeko hainbeste behar duten urre beltza jasotzera. Tartean ere Sabas Jauregi baserritarra, bere lau seme-alabekin eta bere koinatuarekin batera.
Asko dira zerga pizgarrien ondorioz Bizkaian egiten diren filmaketak, eta berriki horren inguruko datuak eman ditu Bizkaia Film Commissionek. Gainera, Bizkaiko hiriburuan ‘zinemaren hiri’ gisa proiektatu den eremu berrian ikus-entzunezko ‘hub’ bat eraikitzea aurreikusten da, filmatzeko gunea eta sektorearentzako erraztasun guztiak izango dituena, nahiz eta, Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotzi Kontxi Claverrek esandakoaren arabera, oraindik ezin den datarik jarri proiektu hau gauzatzeko, hirigintza arloan dauden arazoak konpontzeko geratzen baitira.