IRRATIA

«Askatasuna da gauzarik sakonena»

Jendaurrean bota du Benito Lertxundik  azken denboran bere baitan zeramana: ez da oholtzara itzuliko. Arindu du erabakiak. Arin eta aske hitz egin digu, Jon Maia laguna ondoan hartuta, herriaz, hizkuntzaz, ginenaz eta garenaz. Beti asegaitz, beti aldakor. Baina beti bera, azken hatseraino, Benito.

Benito Lertxundi
Benito Lertxundi (Jagoba Manterola | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Otsaileko arratsalde bat. Hego- haizeak eta euriak menia eman duten arrats bakan horietako bat. Kazetariak: «Kafe bat hartuko dugu? Denboraz gabiltza». Bertsolariak baiezkoa; Salatxo tabernan bi ebaki. Jon Maiak: «Badakizu? Hementxe hartzen du berak kafea egunero». Partekatu dituzte bere abesti gustukoenen playlistak, erlojuari begirik kendu gabe. «Goazen garaiz, badaezpada», diote. Errioaren beste aldean da hitzordua, beirazko talaian, Benito Lertxundik horren kuttuna duen mirotz-leinuaren kabian. «Han, badator», atera zaio Maiari. Badator bai, horma gardenaz bestaldean, badator, arin, pauso bizkorrez. Etxeko atea gurutzatzen duenaren egunerokotasun erosoan, badator.

Mahai buruan Benito Lertxundi, ezkerretara Jon Maia, eta honen alboan kazetari hau.

Orioko bardoa errioari eta herriari begira jarri dugu. Garbi datoz Oria ibaiaren urak. Eta garbi datoz abeslariaren hitzak ere, urratzea maite duen hizkuntzan, urratua bizi den herriari buruz galdetzean ere. Hasi da begiraden jolasa: beiraz bestaldeko paisaiatik abiatu eta denboraren lerroan atzera eta aurrera. Iragana, oraina eta gezur bat baino ez den etorkizuna ardatz hartuta.