IRRATIA

«Onerako edo txarrerako, emozioak agerian utzi ditu Z belaunaldiak»

Z belaunaldiaren osasun mentalari buruzko ikerketa eta ondorioak aurkeztu ditu BBK Kuna garapen sozialaren espazioak. Horren emaitzak interpretatzeko, Kris Rubio zuzendaria izan dugu lagun NAIZ Irratian.

Kris Prieto, artxiboko argazki batean. (Gorka Rubio | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


BBK Kunaren barometroaren arabera, osasun mentaleko arazoak oso maiz pairatu dituztela adierazi duten gazteen ehunekoa 2017an % 6,2 izatetik 2021ean % 15,9 izatera igaro da.

Metafora argiarekin irudikatu dute osasun mentalaren azterketa: erupzioan dagoen sumendia, gazteek egunerokotasunean sentitzen eta pairatzen dutenaren sinbolo.

'Antsietatea', 'depresioa' edo 'burnout' terminoak etengabe agertzen dira 1000 lagunek erantzundako inkestan. Kris Prieto Kuna BBKko zuzendariak zehaztu duenez, ikuspegi kuantitatiboa edo zientifikoa ematen die horrek, baina kualitatiboa ere lantzeko aukera izan dute, DOTekin batera bultzatutako The Future Game ekimenaren bitartez.

Arlo berritzaile bat dauka azken horrek. Asteburu batez hamar gaztek hartu zuten parte murgiltze esperientzia batean, Urdaibain, BBK Klimaren egoitzan. Haiek izan ziren, finean, lerroburuak sortu eta emozioei izena jarri zietenak, eta horrekin batera sortu dute ekimen hau ere.

Ondorioztatu dutenez, aipatutako terminoek, estresarekin lotutakoek, ez dute iturburu bakarra. «Belaunaldi arrakala, ulermen eza, frenetismo sentsazioa edo gainestimulazioa» egon daitezke tartean.

Millennial belaunaldiak dena bizkortu nahi bazuen, Z belaunaldiak kontrakoa egin du, bere buruari galdetu dio benetan merezi ote duen hain azkar joateak edo ea ez ote den noizbehinka gelditu behar.

Zentzu horretan, txantxetan edo, boomer belaunaldiarekin antza hartu diote ekimenaren sustatzaileek; badira zantzuak eta loturak. Haiek bezala, Z belaunaldikoek ere lehenetsi egiten dituzte harreman fisikoak eta naturarekiko harremana. Aurretik zetorren erritmoaren parean, haiek izan dira hau mahaigaineratu dutenak, sare sozialen eta gain estimulazioaren ondorio. Hala helarazi zieten berriki antolatutako jardunaldi batean hainbat gaztek, «sare sozialak ezabatu» zituztela, lasaiago bizitzeko.

Aipatu jardunaldiak, Prietok nabarmendu duenez, harrera ona izan zuen BBK Aretoan. Gazteek ikusi ahal izan zuten euren burua ageri zela datuetan eta oso islatuta sentitu ziren inkestarekin. Hortik aurrera, eragile desberdinen txanda eta ardura dela dio, «proiektuak aurrera ateratzea».

Garden eta moldakor

Z belaunaldiari 'kristalezkoa' esan ohi zaio. Hasiera batean kutsu peioratiboa zeukan terminoak: beti entzuten da guraso eta aitite-amamen aldetik euren garaian ez zirela hain ahulak edo gauzak beste modu batean egiten zituztela. Egungo gazteak ezaugarritzen dituen elementuetako bat, elkarrizketatuak azaldu duenez, «gardenak» direla da.

Gardentasunarekin batera, kristalaren beste ezaugarri bat da moldeatu eta egokitzen dela; hortaz, ez du zertan negatiboa izan. Onerako eta txarrerako, emozioak agerian utzi dituzte gazteek.

Etorkizunari dagokionez, berriz, «apokaliptikoa» aurreikusten dute. Izan da azterketan zehar errepikatu den hitz bat eta, Prietoren ustez, «ez da arraroa». Modu prekarioan bizitzeak ez du laguntzen etorkizun argitsu bat irudikatzeko garaian, eta esperantza eza agerikoa da.

Prekaritate horren baitan barnebiltzen dira, esaterako, etxebizitza krisia edo lana. Azken honek asko baldintzatzen du gazteen osasun mentala, eta baliteke millennial belaunaldiak baino garrantzi handiagoa ere ematea inkestaren arabera; bizitzaren ziurgabetasun propioaren aurrean, «behintzat» egonkortasun puntu bat eskaintzen duelako.

Kontratu sozial berriak sinatzeko garaia

Bizi dugun garai distopikoan, kontratu soziala hautsi du belaunaldi berriak. Ikasi, lan egin, aberastu, etxea erosi eta familia bukoliko bat osatu. Eskema hori errotik moztu dute ezinbestean, nahita edo nahi gabe.

«Dena hankaz gora jarri zaie», zehaztu du Prietok, «ez dakit den ez delako haien nahia edo ezin dutelako, seguraski bigarrenagatik». «Nola izango duzu familia bat ez badaukazu bizitza proiektu bat sortzeko espaziorik?», hausnartu du.

Amaitzeko, gaineratu du kontratu sozial hori sinatu beharko dela, baina «beste baldintza batzuekin». «Aldaketa sakona ikusiko dugu datozen urteetan, eta horrek gure kultura baldintzatuko du».