«Gazteek interpelatu behar gaituzte eta esan: gure txanda da eta gauza berriak egingo ditugu»
Martxan da Lautan Hiru antzerki jaialdiaren 7. edizioa. Otsailaren 6tik 27ra ostegunetan, 8 ekitaldi izango dira, horien artean 4 estreinaldi. Honen inguruan gehiago jakiteko, NAIZ Irratian izan da Mikel Martinez, hilaren 20an estreinatuko den ‘Errealitatearen Harribitxiak’ piezaren zuzendaria.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Lautan Hiru antzerki jaialdiaren zazpigarren edizioa martxan da jada, eta Bilboko Zazpikaleak euskal antzerkigintzaren topagune bihurtu dira berriz ere. Otsailaren 6tik 27ra, ostegunero, euskal eszenaren adibide bikainak izango dira ikusgai, guztira zortzi emanaldi eskainiz. Lau estreinaldi izango dira, tartean 'Errealitatearen Harribitxiak', 7Katu gaztetxearekin elkarlanean sortutako pieza. Pieza honen sormen prozesua eta oinarriak hobeto ulertzeko, Mikel Martinez piezaren zuzendaria izan da NAIZ Irratian.
Amets Larrea, Nerea Lizarralde, Josu Iriarte eta Jare Torralba dira obraren protagonistak, Jokin Oregiren testuei ahotsa eta gorputza emango dietenak. Aurtengo edizioak gazteek egiten duten antzerkian jarri du arreta, ‘Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite’ lelopean. Esaldia Mikelek berak sortu zuen, eta hala dio: «Gazteek interpelatu behar gaituzte eta esan: ‘gure txanda da eta gauza berriak egingo ditugu’».
Hilaren 20an zapalduko du oholtza lehenengo aldiz ‘Errealitatearen Harribitxiak’ obrak, arratsaldeko 19:00etan, 7Katu gaztetxean. Eta jaialdiarekin jarraituz, egun berean 20:00etan ‘Buruaz norbere egin’ izango da Biran. Datorren ostegunean, hilaren 27an, eta jaialdiarekin amaitzeko, ‘Arima eta bihotza’ pieza izango da 19:00tan Kalderapekon, eta amaitzeko ‘Heroiaren mina’ 7Katu Gaztetxean.