IRRATIA
Elkarrizketa
Gaizka Zabarte
Zaldibar Argitu plataformako kidea

«Justizian, normalean, langileen bizitzak ez dira balio handiena daukatenak»

Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako kideak dioenez, ez dute azalpenik jaso auzia instrukzio fasean izaten ari den etengabeko atzerapenaren inguruan, bost urte geroago. Salatu duenez, «justizia justizia da eta, normalean, langileen bizitzak ez dira balio handiena daukatenak»

Gaizka Zabarte, plataformak deitutako mobilizazioetako batean 2023an.
Gaizka Zabarte, plataformak deitutako mobilizazioetako batean 2023an. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Bost urte bete dira Zaldibarko zabortegiaren hondamendian Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hil zirenetik baina oraindik ingurumen aurkako delituei buruzko auzia instrukzio fasean dago. NAIZ Irratian izan da ostegun honetan Gaizka Zabarte, Zaldibar Argitu plataformako kidea.

Auziaren egoeraz «berririk ez» daukatela argi utzi du. Gainera, joan den abenduan instrukzioa berriz ere ekainaren 1era arte luzatu zutela gogora ekarri du. Hortaz, gaur egun prozesuarekiko «oso eszeptikoak» direla adierazi du Zabartek.

Gaia «fokuen azken lerroetara joan den arren, egon hor dago», azpimarratu du. Horrekin, Cedex herrilanen ikerketa zentroaren txostenak «aspaldi» zabortegia «goitik behera kuestionatu» zuela gogoratu du. 2021etik epaitegian dago, eta plataformako kideen ustez «funtsezkoa izango da biltzen duen informazio kopuruagatik».

Zaldibarko zabortegia kudeatzen zuen eta gaur egun deseginda dagoen enpresa Verter Recycling zen. Lakuako Gobernuari 30 milioi euro zor dizkio 2021etik, eta, borondatez ordaindu ez dituenez, arduradunen ondasunetatik enbargatuz eskuratu beharko du zorra.

«Ez dute ordaindu eta ez dute egingo», esan du Zabartek honen harira. Gainera, auziak bost urte hauetan izan duen garapenetik ondorio bat atera dutela azaldu du plataformako kideak: «Enpresari hauek dirua baldin badute ahozko auzia zein kartzela ekidin dezakete».

Prozesuaren atzerapenari buruz ez dutela azalpenik jaso gaineratu du. Deitoratu duenez, «justizia justizia da eta, normalean, langileen bizitzak ez dira balio handiena daukatenak».

Zabortegia hartzen zuen lurraren jabetza, baina, mantentzen da, eta hori kontrolatzea arduradunei dagokie. Plataformatik ez daukate lur hauen egoeraren informaziorik, baina tarteka bertaratzen dira eta azken egunotan jarduera ikusi dute, «baina ez dakigu zertaz».

Gobernu aldaketa

Horrekin guztiarekin, Gaizka Zabartek salatu duenez, Lakuako Gobernuak ez du Zaldibarko kasuaren inguruko informaziorik eman duela urtebetetik. Orduan, Lakuako bozeramailea zen Bingen Zupiriak doluminak eman zizkien hildakoen senideei.

Ordutik, Gobernuan aldaketak egon dira eta Iñigo Urkullu eta Iñaki Arriola, kasu, ez daude politikaren lehen lerroan dagoeneko. Plataformako kide honen aburuz, «instrukzioaren luzapenak eta denbora pasatzen uzteak gauza hauek dakartza, orain daudenek ez dute premiarik sentitu aipamenik ere egiteko».

Lakuako Gobernuaren ardura ere nabarmendu nahi izan du Zabartek. Esan duenez, «pentsaezina eta oso zaila da ulertzea prozesu judizial hauen amaieran arduradun bakarrak enpresak izatea». Izan ere, Lakuari zegokion zabortegiaren kontrola egitea.

«Desastre bat ekidin zezakeen baina ez, marko legalek ahalbidetzen dute horrela jokatzea», aldarrikatu du Zaldibar Argitu plataformako kideak.