«Dokumentalak 20 urteko isiltasuna hautsi du»
2005eko urriaren 31n Jose Angel Altzuguren 'Kotto' hilik aurkitu zuten Soriako espetxean. 20. urteurren honetan, 'Loratzen' izeneko dokumentala egiten ari da Berako Espidobaita Elkartea.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ez da deus aldatu / Gorputza mingarria da / jan egin behar du, arnasa hartu, lo/ leuna du azala eta, azpian, odola/ hortz eta azkazalen erreserba ona du / hezur hauskorrak, artikulazio luzakorrak/ Torturatzeko, hau guztia hartzen da kontuan. Wislawa Szymborska poeta poloniarrak zioen bezala, ez da deus aldatu azken 20 urteotan. Edo agian bai. 20 urte direlako jada, Jose Angel Altzuguren 'Kotto' bere ziegan hilik aurkitu zutela, Soriako espetxean.
Tortura horiek aizkoraz edo motozerraz moztu eta hiltzen dituzten zuhaitzak bezala dira. Horrela irudikatu ditu behintzat, Kottori buruzko dokumentala egiten ari den Espidobaita Elkarteak. 'Loratzen' izena jarri diote, eroritako zuhaitzek ere, basoa ernaltzen dutelako.
«Zerbait potoloa egin behar zela ikusten zen, 20. urtemugak horrelako zerbait eskatzen zuela. Sormena izan da urte hauetan barruan gordetakoa ateratzeko bidea» esan digu Ekhiñe Zapiainek. Heriotzaren hamargarren urteurrenean, herri antzerki bat egin zuten, eta urtero urriaren 31n ekitaldi bat egiten dute. Oraingoan dokumentalgintza aukeratu dute. «kusentzunezko ba egitea bada zerbait izoztea, hor geratzen da, nahi denean ikusteko» diote sortzaileek.
«Gazte askok ez zuten gaiaren berri. Kottoren gertuenekoen seme-alabek jaso dugu modu batera edo bestera, baina gertuko inguru horretatik kanpo, askok ez dute horren berririk izan».
Urtarrila amaieran bukatu zuten elkarrizketen fasearekin. «Hamabi elkarrizketa inguru egin ditugu, eta polita bezain gogorra izan da; nik ez nuen ezagutzen eta orain nire lagun bezala sentitzen dut» esan digu Garazi San Martinek. «Ezezkorik ez dugu jaso, baina pare batek ezin dute oraindik gaiaz hitz egin. Pena, haserrea, mina… daude hor».
Elkarrizketa horietako batean egon da Ekhiñe Zapiain. «Elkarrizketa horrek 20 urteko isiltasuna hautsi du, dokumental bat egin behar izan da isiltasun hori hausteko».
Entzun elkarrizketa osorik Bigarren Kafean.