IRRATIA

«Borondatea badago, langa horiek apurtu daitezke»

Lakuako Gobernuak sindikatuei Lan Harremanen Kontseiluan planto egin ostean, Ertzaintzaren kasuan posible izan diren hobekuntzak lortzeko prestutasun berbera eskatu du ELAko Igor Eizagirrek, gainontzeko langile publikoentzat.

Igor Eizagirre (erdian) ELAko hezkuntza eta Osakidetzako arduradunekin, artxibo irudi batean. (Monika del Valle | Foku)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Langile publikoen lan baldintzak eta soldatak hobetzeko aukera egon badago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita hobekuntza horiek Euskal Herrian bertan negoziatzeko aukera ere ELA sindikatuko Gizalan-sektore publikoko arduradun Igor Eizagirrek berretsi duenez, «borondatea badago, langa horiek apurtu daitezke».

Langile publikoek urtez aldarrikatu dituzten hobekuntza horiek negoziatzen jarraitzeko Lan Harremanen Kontseiluan bilera deitu zuen ELAk pasa den astelehenean (hilak 3). Bertan ordezkatuta dauden ELA, LAB, CCOO eta UGT bertaratu ziren, ez ordea, Jaurlaritzako ordezkariak. Agenda konpromisoak eta martxoaren 18rako deitutako hurrengo bilera izan dira emandako argudioak. «Oso larria» da Eizagirreren aburuz, badirudielako «hemen bilerak egiten direla gobernuak nahi duenean eta nahi duten gaiei buruz».

Gezurtatu du ELAko ordezkariak, langile publikoei soldata igotzea ukatzeko, Madrilek ezarritako muga gaindiezinen kontakizuna; Eizagirreren esanetan, hobekuntza horiek hemen negoziatu daitezkeela diotenean, «gobernuaren erantzuna da bai soldatetan bai enpleguan, ez daukatela tarterik eta Madrilek erabaki behar duela». Ez zaie baleko azalpena iruditzen ELA, alde batetik EAJ eta PSOEk Pedro Sanchez presidente izendatzeko akordioaren baitan, hobekuntza horiek EAEn bertan negoziatzea jasotzen zelako.

Baina batez ere, txanponaren beste aldea da erakutsi nahi dutena sindikatutik, gogora ekarri dutelako, langile publiko batzuei ukatzen zaiena, ezbairik gabe errazten zaiela beste batzuei. «Ertzaintzan akordio batera iristen dira eta horretan ezartzen dira irabazi batzuk, soldata igoera batzuk, Madrileko muga horien gainetik egon daitezkeenak», azaldu du Eizagirrek, «esparru batzuetan posible bada, zergatik Osakidetzako, hezkuntzako edota administrazio orokorreko langile horiek ez daukate aukera beraien lan baldintzak hemen negoziatzeko?», galdetu du.