«Gure historiaren azken sei mendeetako ibilbidea ikusteko pribilegiozko begiraleku bat»
Olaso Dorretxeak museo izendapena jaso du eta hau kudeatzen duen fundazioak museoa eta artxiboa gorpuzteko funtsak biltzeko kanpaina abiatu du. Gehiago jakiteko, NAIZ Irratian izan da Irati Jimenez, Olaso Dorrea fundazioko lehendakari berria.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Urteen arteko trantsizioa berriztapen eta aldaketa urtea izan da Olaso Dorrea fundazioan. Dorretxeak museo izendapena jaso du, Irati Jimenez fundazioaren lehendakariaren ustez «zalantzarik gabe, aldaketarik handiena». Azaldu du fundazioa abian jarri zenetik «bisita gidatuekiko egon den interesak» frogatu duela museo izendapenak badaukala zentzua. Bergaran egon den edonork Olaso Dorrea «zentzu guztietan, herriaren bihotzean» dagoela ikusi duela dio Jimenezek. Izendapen berri honek jendeari ateak irekitzeko eta duen historia eta ondarea zabaltzeko bidea erraztuko duenaren esperantza du.
Olaso Dorrea «gure historiaren azken sei mendeetako ibilbidea ikusteko pribilegiozko begiraleku bat» omen da. Fundazioko lehendakariari deigarria egiten zaio nola ez daukagun «gure buruaz herri ilustratua izatearen irudi bat, nahiz eta izan garen». Horren adierazle ere bada dorretxea: bertan bildutako artxiboa, artelanak…
Altxor amaiezina
Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzak eskuratutako bildumen artean dago, esaterako, Georges Lacombe euskaltzain eta filologoarena. «Benetako altxorra». Olaso Dorrea Fundazioak Euskaltzaindiaren esku utzi zuen bilduma, «interesa duenak kontsultatu ahal dezan».
Dena dela, Irati Jimenezek nabarmendu du «Lacombe-ren bilduma Monzon-Olaso familiaren artxibategiaren zati bat besterik ez» dela. Era askotako materialak agertu direla ziurtatu du. Jon Mirandek, oso gaztea zelarik, Telesforo Monzoni bidalitako gutunak, adibidez. «Horri esker datatu ahal izan dugu noiz ikasi zuen euskara Mirandek. Baita euskara ikasten hasi zenetik ‘Haur besoetakoa’ idatzi zuenera arte zortzi urte besterik ez zirela pasatu».
Babesletza kanpaina
Fundazioak babesletza kanpaina jarri du martxan ‘Olaso Dorrearen babesle’ figura sortuz «hainbat jenderen eskaerari erantzun asmoz». «Olaso Dorrea Fundazioaren helburuekin eta noski Telesforo Monzonen baloreekin bat egiten duten guztiei irekita dago, pertsona juridiko zein fisiko», azaldu du Jimenezek.
Era desberdinetako babesletza motak daude, baita legatuak egiteko aukera ere. Informazio guztia fundazioaren web orrialdean dago eskuragarri.