IRRATIA

«Behin betiko bakea, elkarbizitza eta konponbidea lortzeko lan egiten jarraituko dugu»

SAREren urtarrileko mobilizazioa egutegian gorriz markatutako egun horietako bat da, eta aurtengoan, larunbat honetan, hilaren 11ean, Bilbon egingo den mobilizazioan zehaztu dute zita. Honetaz gehiago jakiteko, NAIZ Irratiko Bilbotarra saioan izan da Iñaki Bidaurre, Sareko Bizkaiko kidea.

Behin betiko bakea, elkarbizitza eta konponbidea lortzeko lan egiten jarraituko dugu (NAIZ Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Badaude urtero errepikatzen diren hitzorduak, egutegian gorriz markatzen direnak. Bilbon ospatzen den Euskal Preso, Iheslari eta Deportatuen aldeko mobilizazioa horietako bat bihurtu da. Aurten ere, urtarrilaren 11ean, larunbat honetan, 'Behin betiko' lelopean, milaka lagun espero dira Bilboko La Casillatik abiatuko den mobilizazioan. NAIZ Irratiko Bilbotarra saioan izan da Iñaki Bidaurre, Sareko Bizkaiko kidea, mobilizazioaren nondik norakoak eta aldarriaren sakoneko mezua azaltzeko.

Bidaurrek argi utzi du larunbatean Bilboko kaleetan ikusiko dena urtero errepikatzen den argazkia dela: «Milaka euskal herritar eta kanpotik etortzen diren lagunak ere bertan izango ditugu». Baina betiko jendeaz gain, Bidaurrek azpimarratu du, badagoela egungo testuinguru politikoa ikusita, eta konponbidea, elkarbizitza eta bakearen agertokia atzeratzen ari dela ikusita, bertaratzeko beharra ikusi duenik ere.

'Behin betiko' leloak, SAREren azken hamar urteetako ildo nagusiak biltzen ditu: konponbidea, elkarbizitza eta bakea. Bidaurreren esanetan, «gatazka luze honen ondorioak bidegabekeria izaten jarraitzen dute, eta horretan jarraitzen dute euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriek». Elkarbizitzari dagokionez, «espetxeen, exiliatuen eta deportatuen auzia konpontzeak elkarbizitzari ekarpen sendoa egingo lioke» gaineratu du. Eta bakearen atalean, nabarmendu du nahiz eta lehen zegoen indarkeriarik ez egon, bidegabekeriek bere horretan jarraitzen dutela.

Azken urtean egoera apur bat hobetu bada ere, bide luzea dago egiteko. «Lege arrunta aplikatzea eta aurrerapausuak lortzea oso positiboki baloratzen dugu», azaldu du Bidaurrek. Hala ere, argi utzi du oraindik salbuespen politikek oztopo handia izaten jarraitzen dutela: «Espero dugu aurrera egiten jarraitzen»".

Hala ere, Sareren jarduna ez da urtarrilaren 11ko mobilizaziora mugatzen. Bidaurrek adierazi duenez, «hurrengo hilabeteetan ere lanketa egingo dugu: hitzaldiak, informazio saioak eta beste hainbat ekimen antolatuko ditugu, herrietara joango gara». 

Beraz, larunbatean mobilizatzeko deia argia da, eta hala azpimarratu du Bidaurrek: «Momentu berezi batean gaude, non beste agertoki bat posible den. Euskal Preso, Iheslari eta Deportatuei, etxerako bidea dagokie».