«Hatortxu Rockek bere zikloa amaituko duen arren, lanak jarraipena izango du»
Prestaketa aurreratuta dute Atarrabian larunbat honetan, abenduaren 28an, Hatortxu Rocken 29. edizioa egiteko. Berezia da Atarrabiako azkena izango delako eta ondoren agur esango dio Hatortxu Rockek Lakuntzan uztailaren amaieran lau eguneko festan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
ETS, Süne, Maskak, Marabiyak Sound, DJ Reimy, Tatxers, Lendakaris Muertos, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua 'n Salsa, Apotheke, Toc, Arene 6, Kop, Su Ta Gar eta Unidad Alavesa igoko dira oholtzara larunbatean. Asteburuan azolana egin dute montajean aurreratzeko, eta datozen egunetan guztia amaituta utziko dute.
Garazi Castañok aitortu du sentipen kontrajarriak ari direla izaten, jakin badakitelako Atarrabian azkenekoz egingo dutela Hatortxu Rock eta ondoren Lakuntzako agur erraldoiak amaiera jarriko diola elkartasun jaialdiari. Nolanahi, «etapa hau ixteak ez du esan nahi dena amaitu denik», beste fase batera pasa eta elkartasunak beste molde batzuk hartuko dituela ziur agertu da.