Lehen sektorea Gipuzkoan: erronkak eta etorkizuna
Iragan den ostirala Gipuzkoako lehen sektorearen egun handia izan zen, Santa Lutziko feria tarteko, baina guk honen kudeaketa eta ardura publikoei buruz hitz egin dugu. Horretarako, NAIZ Irratian izan da Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Uxaldirik gabe, basurdeen eraginaren inguruko kexak areagotu egin dira. Basurdetan aritzen diren ehiztariek ez ehizatzea erabaki dute, eta Deban gertatu denak eragina izan du: segurtasun falta nabaritu da, presentzia handiagoa izan baitezakete orain soroetan. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak dio ahalegina egiten ari direla Aldunditik, eskatzen ari diren segurtasun neurriak areagotzeko.
Otsoaren inguruan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak araudi berria dauka, eta berriki Amaia Barredo sailburuak babes bereziko animalien zerrendatik ateratzea eskatu du. Arrutiren interpretazioa da «egokiagoa» litzatekeela sartu ez izana; Gipuzkoak eta Euskal Herri osoak animaliaren bat badu galtzeko arriskuan baserritarra dela, ardia alegia.
Horrek zerikusia du, hain zuzen, otsoaren presentziarekin, eta eragiten duen kaltea, dio Arrutik, «artalde osoarekikoa» da. Horrek estresa sortzen du eta bestelako kudeaketa bat burutzera behartzen du, horregatik uste du galduko luketena gehiago dela.
Gaur egun, artzainak ez dira uneoro artaldearekin mendian egoten, eta horrek ere erasoak erraztu litzake. Molde aldaketa horiek eragina izan dute natura basatiaren eta horren kudeaketaren arteko orekan.
Gaitzak eta oztopoak artzaintzaren inguruan
Ardiak eta artzaintza hizpide, mingain urdinaren foku berria aipatu dugu. Argi utzi du Xabier Arrutik gaitz horrek ez duela pertsonen osasunean kalterik eta eragin bakarra aberearengan duela. Izan ere, abortuak eragin ditzake, baita errendimendu gutxitzea ere.
Orain arte, txertaketa borondatez egiteko aukera zegoen, baina une honetan behartuta daude txertaketa egitera. Serotipo edo aldaera dezente dauzkan gaitza da, baina hemen 4 eta 8 zenbakikoena da burutzen ari direna, mugatzen saiatzen ari dira, beste serotipoak iritsi ez daitezen.
Artilearen kudeaketaz, berriz, latxa edo sasi ardia ez baita artilea ekoizteko ardirik hoberena, artilea botatzeak artzainarentzat suposatzen duen gastuaz aritu gara. Foru Aldundiak eskaini izan du diru laguntzaren bat edo beste eta, hondakin izatera pasa den honetan, beste erabilera bat aurkitzen ez zaion bitartean, saiatzen ari dira bilketa ordenatu bat egiten, gero erraustegira eramateko.
Belaunaldi aldaketa bermatzea
Foru Aldundia baserritar misto profesionalaren programan lanean dabil orain. Proiektu «aitzindari eta esperimental» honen helburu nagusia datozen belaunaldietan abeltzaintzaren biziraupena bermatzea da.
Elikagaiak sortzea eta paisaia mantentzea ez dela baserritarren ardura soilik dio, gizartearena ere badela. Izan ere, aukera ematea dago lan ordutegia murrizteko, bateragarri egin dezaten kanpoko lana eta baserrikoa. Badago interes bat erakundeen aldetik, baina ekimen esperimentala da oraingoz.
Besteak beste, Gaztenek programaren bitartez, hasi berria den profesional bakoitzak 70.000 euro arteko laguntza bateragarria jaso dezake, tutoretza batekin batera, bost urteko monitorizazio prozesu batean.
Izan ere, lehen sektorean lanean hastearen zailtasun nagusia dirua izan ohi da, bereziki zerotik hasi ahal izateko. Azpi sektoreak ere baldintzatzen du hori; esate baterako, «zaila da esne behiekin hastea, aldiz, jarduera baratzegintzara bideratu nahi duenak inbertsio txikiagoak egin beharko ditu».
Han eta hemengoak
PAC laguntzak ere badira. Lur asko eta abere asko izatea sustatzen dute laguntza hauek, eta hori ez da Euskal Herriko laborariaren kasua. Gehienetan kontrajarrita dago hori gure baserri ereduarekin.
Azkenik, Mercosur akordioari buruz, Arrutik esan du «zaila» dela balorazio orokorra egitea baina, aztertutakoaren arabera, kaltegarriagoa litzatekela onuragarria baino.