IRRATIA

Greba berriak, hitzarmen zaharra gainditzeko

EAEko hezkuntza publikoan grebara deitu dituzte langileak LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek. Langileen lan baldintzak okerrera doazela, Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartzen dituela erabakiak eta negoziaketak ez aurrera ez atzera daudela ohartarazi dute. NAIZ Irratian izan da Miren Zubizarreta.

Miren Zubizarreta eta Peio Igeregi, artxiboko argazki batean. (ELA sindikatua)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan 15 urte inguru daramate euren hitzarmenak modu orokorrean egonkortu gabe. Denbora tarte horretan ez dituzte lan-baldintzak egungo sistemaren eta ikasleen beharretara egokitu, eta horrek bultzatu ditu eragileak halako deialdi bat egitera.

ELAko Miren Zubizarretak ondo zehaztu digunez, hiru greba egun izan zituzten joan den ikasturtean, eta beste bat iragan urriaren 24an. Deialdi horietan hainbat elementu salatu zituzten; tartean, enplegu beharra, soldataren egokitzapena edo lan zama arintzeko neurriak. Horren jarraipen gisa planteatu dituzte hezkuntza publikoko greba berri hauek.

Izan ere, hitzarmena berritu gabe egoteak askotariko eraginak dauzka langileengan. Besteak beste, lan-zamak arintzeko neurri zehatzak ari dira eskatzen, «ratio jaitsiera bat, irakasleen kasuan eskola orduak murriztea prestaketa orduen eta ordu osagarrien mesedetan, plantilla zaharberritzea, egonkortze prozesuak bultzatzea edo eros-ahalmenaren berreskuratzea».

Azken eskari horretan jarri du azpimarra, eros-ahalmenean % 20ko galera metatua baitute langileek. Mahai gainean jarri nahi dutena ez da bat-batean berreskuratzea, 2021- 2024 urteetako eros ahalmena berreskuratzeko beharrezko igoerak aplikatzea baizik. «Horrek % 5,5eko igoera suposatuko luke gutxi gorabehera eta, gainerakoa berreskuratzen joateko, KPItik gorako soldata igoerak negoziatzeko aukera planteatzen dugu 2025-2026 ikasturterako».

Baldintzak hemen erabakitzea ere aldarrikatu izan dute, espainiar Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza arloko langileengan duen eraginagatik. Hainbat kasutan gertatzen da hori: «gaur egun gure eskoletan zenbat sukaldari, irakasle edo hezitzaile egon daitezkeen Madriletik inposatzen da erreposizio-tasen bitartez, eta gehieneko soldata zein izan behar den ere Madriletik ezartzen da oinarrizko legedi deitzen den horretan». Hala, aldarrikatu dute bertako langileen lan-baldintzak bertan erabakitzeko eskubidea dutela. Horrekin batera, deitoratu dute Lakuako Gobernuari ere «ondo datorkiola kasu honetan bere eskumen-gabezia hori aplikatzea».

Geroak dakartzan erronkak

Etorkizunera begira, demografiak ere eragina izan dezake. Izan ere, haur gutxiago aurreikusten dira, eta baliteke lan eta behar berriak ere sortzea.

Hori aukera bat izan liteke, Zubizarretaren arabera, ratio-jaitsiera aplikatzeko, eta ahalbidetuko luke «gero eta beharrezkoagoa den arreta eta hezkuntza egokia ematea ikasle bakoitzari», tartean egon litezkeelarik digitalizazioa eta berdintasun-hezkidetza zein euskalduntze programak.

Bateragarri ikusten dituzte bi elementu horiek hezkuntza publikoko langileek, eta uste dute jaiotza-tasaren jaitsiera «benetan probestu» beharko litzatekeela hezkuntza-sistema bera eta horren kalitatea hobetzeko.

Hezkuntza Legea gaurkotu berritan gauden honetan, Zubizarretak esan du ez dutela grebaren inguruko erreakziorik jaso oraingoz, komunikabideen erantzunaz harago.