IRRATIA

«Erabaki garrantzitsuak gorputzarekin hartzen ditut, ni baino azkarrago doa»

Arantxa Lannes lapurtarrak txikitatik izan du harremana artearekin; haurtzarotik euskal dantza, gimnasia eta arte plastikoetan aritu da. 2021ean Alabena konpainia sortu zuen, dantza eta diziplina anitzeko konpainia.  

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


 

Mugimendua izan ohi dute Arantxa Lannesek lanek gai nagusi. Arte plastiko lizentziatura egin zuen Bordelen, baina bitartean dantza eta musika ez zituen alde batera utzi. Hori bai, 21 urterekin dantza munduan barneratzea erabaki zuen, eta horretarako Tolosako James Carlés eskolara joan zen. «Garaian dantzaz bizitzea ez zen sobera aipatzen, arraroa zen eta esan nuenean dantza egin nahi nuela ingurukoak harritu egin ziren». Eta noski, aldeko eta kontrako iritziak jaso zituen. «Jendea ez da sobera ausartzen nahi duena egitera» dio artistak.

2012an Elirale konpainian hasi zen dantzari, eta urte berean ahotsa landu zuen Baionako kontserbatorioan eta La dame pique konpainian sartu zen kantari. Beste hainbat konpainiarekin ere aritu da, hala nola, Bi’Arte, Batcharte… Askorentzat dantzatu du, baina 2020. urtetik bazuen bere proiektu artista propioak garatzeko gogoa, bere hiru pasioak uztartuz, dantza, arte plastikoa eta kantua eta horrela, 2021ean Alabena konpainia sortu zuen, dantza eta diziplina anitzeko konpainia. 

Konpainiaren helburu bakarra ez da ikuskizunak sortzea, lotura soziala izan nahi baitu inguruko aktoreekin: eskolak, zahar-etxeak, kultura elkarteak, herrietako kolektibo ezberdinak, etab. Horretarako, mediazioak, informazio trukaketa edota sentsibilizazio lanak burutzen ditu. Orain gutxi 'Plisti plasta' haur kanten diska ere atera dute.