'Etorkizuneko Artefaktua', iragana ulertzeko
Gure historiako azken bost hamarkadak biltzen ditu 'Etorkizuneko Artefaktua' liburuak. Guztira 3000 portada, Foku agentziak egindako 15.000 argazki eta historiarako gelditu diren esaldiak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Durangoko azokara datorren jendeak Euskal kulturarekin konpromisoa du, komunitate baten parte dira eta komunitate horren historioaren zati handi bat bildu nahi izan du Naizek. Liburu ilustratu batean argitaratu du 'Etorkizuneko Artefaktua' izenpean, memoria ariketa sakona eginez. Gure historiako azken bost hamarkadak biltzen ditu liburuak, guztira 3000 portada, Foku agentziak egindako 15.000 argazki eta historiarako gelditu diren esaldiak bilduz.
GARAko 40 langile inguruk hartu dute parte lan honetan. Azoka bete-betean izan dugu Fermin Munarriz, horietako bat. «Ez-ohiko ariketa periodistikoa egin dugu urtean zehar, eta irakurle askok eskatu digute formatu digitaleko eduki hori liburu batean biltzea», urtean zehar egindako ariketa liburu bilakatu dutela azpimarratu du Munarrizek.
Bestalde, artefaktuak beste galdera bat ere sortzen digu: GARA eta Egin gabe, zein izango litzateke gure lurraldeko gertakari nagusien aurrean izango genukeen iritzia? Munarrizek, «errealitatea kontatzeak laguntzen du nazio bat sortzeko eta kohesionatzeko; hedabideen papera oso garrantzitsua da, bereziki jendeak bultzatutako ez-ohiko hedabideetan» erantzun digu. Aurrera egiteko, atzera begiratu behar dugu, eta horren adibide da ‘Etorkizuneko Artefaktua’.