IRRATIA

‘Bidea da helmuga’ diskoarekin 25 urte ospatu ditu Kokein taldeak

Bidea bada helmuga, Plateruena geltoki bat gehiago izango da bide horretan Kokein taldearentzat. Izan ere gaur, abenduak 7, 14:30ean, Ahotseneako programazioaren baitan aurkeztuko baitute beren 25 urteak ospatzeko kaleratu duten diskoa eibartarrek.

25 urtean elkarrekin egin duten bidearen ospakizuna izan da ‘Bidea da helmuga’ Kokein taldearentzat. (Juxe ARETA GOÑI)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Bost abesti berri eta bost moldaketa jaso dituzte Kokein taldekoek ‘Bidea da helmuga’ disko berrian. Single moduan ezagutu genuen ‘Bidean goaz’ kantua eta bertan argi uzten dute 25 urte pasata ere bidean daudela, «hegan, aske» eta zer esan eta zer eskaintzeko dutela oraindik ere.

Gauaren iluntasunea eramaten gaituzte ‘Gauez’ kantuarekin, inframundu batetan murgiltzen gara insomnioa bezalako gai potolo baten inguruan kantatzen diguten abesti goxo bezain epiko batean. Pop mundua ere besarkatu izan dute rockari muzinik egin gabe 25 urte hauetan Kokeinekoek eta hau horren adibide bat gehiago da. 

‘Garaia da’ aldarrikapen kantutzat hartu daiteke, bakoitzak bere prismara eramanda, baina Zaloa Urainek abesten badu, kontuak atera zer esan nahi ote duen «animalia berpiztu egin da, lepoak mozteko garaia iritsi da» esaten digunean. Soinu identitate propioa garatu duen talde horietakoa da, ahotsekin egin dituzten jolasak eta efektuen erabilera edota bateriaren soinua dira horren adibide, zigilu propioa dutenak dira. Bidea ez da alferrik egiten.

Desira, berotasuna, sentsualitatea… Horiek ere presente eduki izan dituzte eibartarrek beren kantuetan eta ‘Zure bila’ horren isla da. Kantu energikoa, gitarrek sekulako presentzia dutena, baina talde bezala oreka mantentzeko gaitasuna erakutsi dute betidanik. Elementu bakoitzari bere tokia eta protagonismoa emanaz nahasketan. Hala, disko hau ere Eñaut Gaztañagarekin grabatu dute, etxean bezala sentiarazten dien teknikariarekin.

Bost kantu berrietatik azkena ‘Zutik’ da. Epikotasuna nagusi eta barrua hustuz spoken word estilora, errezitatuta, duen pasarteak are kantu handiagoa bihurtzen du. «Amaieratik ihes» dio abestiak eta amaiera oraindik ere urrun dagoela nahikoa argia da Kokeinen kasuan.

Lagunez inguratuta

Bost abesti berri eta lagunek egindako bost moldaketa jaso dituzte diskoan. «Bakoitzari berak nahi duen abestia aukeratu eta bere egiteko eskatu diegu», kontatu digute Kokein taldekoek. Miren Narbaiza, Ander Mujika eta Joseba Baleztena izan dira horietako bat ondu dutenak, ‘Gora begiratzean’ kantuari Napoka Iria proiektuaren ukitua eman diete, testura asko gehitu abestiari eta desberdin bihurtu. 

Zea Maysek berez ederra den abesti bati indarra xamurtasunetik gehitu dio. ‘Lotuta egon arren’ kantua aukeratu du Bilboko taldeak eta «elkar lagunduz aske» abesten duten unean, orain, urte batzuk pasa ostean, bestelako gogoeta bat egiteko tartea ere zabaltzen zaigu. Betaurreko moreak jantzita dena desberdin ikusten dugu, zorionez.

Eraso! talde zarauztarrak beren territoriora eraman du guztiz ‘Itzalak’ abestia. 2019ko kantua da originala, eta guztiz aldatu da abestia. Eraso! taldeak ere aurten atera du diskoa, baina moldaketa hau Eraso! taldearen musika ‘klasikoagoa’ maite dutenek akaso nahiago izango dute. Bidea egiteko dago eta taldeak eraldatzen doaz. Eraso! badoa laster, baina Kokeinek bidean aurrera darrai. 

Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ ere animatu da moldaketa bat egitera. «Bera izango da akaso gure diskografia hobekien ezagutzen duen pertsona eta ez gaitu harritu egin duenak, baina bai, berezia da kantua», esan digute Kokeinekoek. Esperimentu soniko oso jostaria egin du, originaletik fidel baina era berean aldentzen dena. «Pobre izanda aberats direla uste duten inozoak» aipatzen dira abestian, eta begiak ez ditugu zabaldu oraindik; 2007ko ‘Mundu margotu berri bat’ diskokoa baita abestia.

Nakar taldea izan da diskoa ixteko kantua egin duena. ‘Zain egon gabe’, Nakarren unibertsotik urrun ikusi dezakegun abesti bat da, pop gaseosoa jorratzen duena. Berezia.

Durangoko aurkezpena

Landako gunean Balaunkaren standean dago ‘Bidea da helmuga’ diskoa eskuratzeko moduan, Alots Arregik egindako diseinu gorri indartsu batekin jantzitako biniloa. Aurkezpena, gaur, abenduak 7, 14:30ean egingo dute Plateruenan, Ahotsenean.

Atzetik etorriko dira kontzertu gehiago, bideaz disfrutatzen jarraitzeko.