IRRATIA

‘Belharra’, Bengok olatuan gora eta behera sortutako diskoa

Julen Aduriz (Ergobia, Astigarraga, 1998) ekoizlea lagun, disko berria kaleratu du Bengo (Aitor Bengoetxea, Oiartzun, 1997) musikariak. Surflarien pare olatua menperatu nahian ibili dira disko honetan, horregatik ‘Belharra’ izena ematearena. Emozioak nagusi oiartzuarraren lanik berrienean.

Itsasoan sartuta atera zuen ‘Belharra’ diskoa iragartzeko argazkia Bengok. (Rita GRATACÓS)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Bederatzi abestiz osatutako diskoa da ‘Belharra’ Bengoren disko berriena. Denetariko doinuak lantzen dituen arren, pop disko bat dela esan dezakegu. Baina pop hizki larriz idatzita. Izan ere lortu duten soinuak atzerriko ekoizpen handien parekoa dirudi eta ez etxeko estudio batean hasi eta Eñaut Gaztañagarenetik pasatakoa. Kontuz, Euskal Herrian ere lortu daiteke halako emaitzarik.

‘Ez da betiko’ abestiak irekitzen du diskoa, drum'n'bass popero batek, estiloen fusioaren maitale dira eta agerian utzi dute. Hemen, kantuan dioten bezala, soka gainean lasai asko ibili dira amildegian, aurrera egin dute, «behera begira ezin da bizi» esaldiari erreferentzia garbina eginaz. Bertigorik ez, beraz, lehen abestitik.

Taxi batean kokatu gaituzte ‘Beste behin’ kantuan eta barre artean ez digute garbi utzi benetako istorioa ote den kontatzen dena. Epikotasuna duen abestia da, Ken Zazpi edota Coldplay bezalako taldeen unibertsora eramaten gaituen maitasun abestia. Hortik ‘Ero’ kantura egiten dugu salto, perkusiorik ez eta ahotsak sekulako garrantzia hartzen duen abestia. Modu berezian tratatu dute, gainera. 

‘Beti zu’ jostaria dator atzetik, erritmoa eta armoniaren arteko kontraste eder batekin. Gogortasuna eta leuntasuna proportzioz erabilita dauden abestia, nahiz eta hitzetan botere harremanak edota erlazio toxikoak izan hizpide. Modu jostarian, mezu gogorrak bota ditu hemen Bengok.

Punk-pop edota punk-rock edota hardcore melodikoa, nahi duzuen moduan deitu ‘Gezurretan’ kantuari. Aurreko diskotik jarraikorrena izan daitekeen kantua da, baina era berean Julen Adurizek «asko gozatu» duen abestia. Izan ere gitarretan sekulako lana eginda dago eta geruza desberdinetan matiz ugari topa daitezke, atsekabeaz hitz egiten diguten bitartean.

Drill munduak ere ezin zuen hutsik egin, rap munduak eta break dance munduak lotura zuzena duelako Bengoren ibilbide artistikoarekin. Sintetizadoreetan ibili dira ‘Txoriak’ abestian jolasean, emozioekin bat egin nahi izan dute maitasunaren hustasun sentsazio horretan sakontzeko. Hortik apurketa batetara egiten dugu salto, erlazio baten bukaeran koka dezakegulako ‘Zu geatu ezkero’ kantu intimoa. Gitarra akustikoaren erabilerak folk mundura garamatza, gainera. 

‘Bueltatzen’ eta ‘Etzaizu ikusten’ kanturik pertsonalenak dira diskoa ixten dutenak. Lehendabizikoan Oiartuzn, nostalgia, familia, lagunak… ‘Denbora’ kantuaren 2024ko argazkia dela esan dezkaegu, drill berezi batean sortutako kantu malenkoniatsua. Azkenak, berriz, dantzara eramaten gaitu, halako dancehall edota jersey beat-a duelako. Denbora gutxian surfeatu behar izan duen olatu erraldoiaz, musika industriaz eta bertako bizipenez, ari da Bengo ‘Belharra’ ixten duen kantuan.

Hirugarren bidaide garrantzitsu bat izan dute guzti honetan Adurizek eta Bengok, Rita Gratacós, artearen zuzendaritza eta ‘Belharra’ munduaren iruditeria lantzen ezinbesteko pertsona. Orain, Durangoko Azokako Musikaren Plazako 43.-ean izango dira abenduaren 5etik 8ra. Gero otsailean abiatuko dute aurkezpen bira, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Baiona, Madril eta Bartzelona izango ditu geltoki eta haietako batzuetako sarrerak agortu dira dagoeneko.