IRRATIA

Caracasen hitzordua, faxismoari mundu mailako erantzuna emateko

Internazional Antifaxistaren batzorde eragilea abian jarri dute Venezuelan. Topaketan nazioarteko 70 herrialdetik gorako mila ordezkari inguruk parte hartuko dute. Euskal Herritik ere zazpi kideko ordezkaritza da bertan eta kideetako bat, Aitor Sanz, izan dugu NAIZ Irratian.

Internazional Antifaxista Caracasen. (Venezuelako Kantzilergoa)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Hasi berria da Caracasen Internazional Antifaxista. Asteazkenean abiatuta, 75 herrialdetako 220 ordezkari bildu dira oraingoz bertan.

Deialdia kokatzeko, testuingurua eman digu bertan den euskal ordezkaritzako Aitor Sanzek: «irailean sortu zen berez. Uztailean hauteskunde batzuk ondu ziren Venezuelan eta, horren ondorioz, eraso bortitza jasan zuen herrialdeak. Horri aurre egitea erabaki zuten eta, ikusita munduko beste lekuetan ere faxismoak gorakada handia izan duela, kongresu bat deitu zuten munduko erakunde desberdinak gonbidatuta, elkartzeko eta zerbait egiteko». Hain zuzen ere, kongresu hartan jaio zen oraingo Internazional Antifaxista sortzeko ideia, eta hortik dator bigarren deialdi hau.

Irailetik hona bilera sektorialak egin izan dira topagunea antolatzeko, baita munduko gazte eta ikasle mailakoak ere, eta Euskal Herritik parte hartu izan dute hainbat kidek. Orain Caracasen diren zazpien kasuan, mugimenduko ordezkari gisa bertaratu direla azaldu du Sanzek, nazioarteko erantzun antifaxista bat nola artikulatu eztabaidatzeko eta antolatzeko.

Hor esandakoak jaso eta, ondoren, bertan nola aplikatu daitekeen aztertzea da asmoa. Aurrekoetan bezala, kasu honetan ere gonbidatuak izan ziren eta begi onez ikusten dute anfitrioiek Euskal Herria nazio moduan. «Zazpi pertsona etorri gara, talde desberdinetako kideak», azaldu du elkarrizketatuak NAIZ Irratian. «Talde desberdinetako kideak gara bildu garenak; antifaxista mugimenduetan ibiltzen garenok, mugimendu internazionalistetako kide batzuk... Saiatuko gara hemen ikusitakoa han zabaltzen, ea zer egin dezakegun».

Hala ere, argitu du ez dutela inor ordezkatzeko asmorik, mugimenduaren aniztasunaren jakitun: «argi utzi nahi dugu honen helburua ez dela txiringito berri bat muntatzea, gurean badira dagoeneko talde ugari». Besterik gabe, «jakinarazi nahi genuen mundu mailan antifaxista internazional bat sortu dela eta Euskal Herri moduan gonbidatuta gaudela. Aukera bat ikusten dugu existitzen diren talde desberdinek horretan parte hartzeko».

Topaketaren bigarren egunean hitz egiten jarraituko dute, eta jasotakoarekin agiri bat ateratzea dute xede. Hortik aurrera, badute etxera ekartzeko planik ere, bildutako ideien aurkezpen publikoak egingo baitituzte Euskal Herrian. Interesa duen oro gonbidatuta dagoela nabarmendu du elkarrizketatuak, ekimen irekia dela jaioberria den aldetik, eta martxan dagoela.

Orain artekoak eta datozenak

Orain arte internazionalean hitza hartu dutenen artean Yvan Gil nabarmentzen da, Venezuelako kantzilerra. Harrera egitearekin batera, Sanzek kontatu digunez, eskerrak eman ditu mundu mailan emandako mugimendu eta laguntzagatik.

Nazioartean faxismoak eta kapitalismoak izandako gorakadaren harira, herrialdeka gertatzen ari diren tokian tokiko aferak ere aipatu ditu. Horiei aurre egiteko, «askatasuna» eta «elkartasuna» maite dutenak elkartu egin behar direla esan du, eta borroka beraren adierazpen ugari egonda ere, minimo batzuk ezarri behar direla. Munduaren paradigma aldaketa hizpide, esan du existitzen direla mekanismoak eta nazioarteko kudeaketa, aurrerantzean elkarrekin ekiteko.

Bigarren egunean ere, esan bezala, antzeko tankeran jarraituko dute; bidean da proposamen zehatzagoak jasoko dituen agiri hori. Gogorarazi du Aitor Sanzek bueltan zabalduko dutela egunotan ondorioztatutakoa, eta berriz animatu du interesdun oro martxan den egitasmo hau ezagutzera.