IRRATIA
Elkarrizketa
Joxerramon Bengoetxea
EHUko errektore berria

«Hauteskundeen emaitzek aldaketarako gogoa adierazten dute eta horri eusten diogu»

Joxerramon Bengoetxea izango da EHUko errektorea datozein sei urteetan botoen %63,63 lortu ostean. «Parte-hartzea» oinarri duen lan egiteko «estilo berri bat» aldarrikatu du. NAIZ Irratian izan da hauteskundeak irabazi eta biharamunean.

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore berria (Monika del Valle | Foku)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Datorren abenduaren 3an izendatuko dute Joxerramon Bengoetxea errektore. Zuzenbidearen doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean, Zuzenbidearen Filosofian katedraduna EHUn eta Honoris Causa doktorea Helsinkiko Unibertsitatean. 30 urte baino gehiagoko ibilbidean, Europako Zuzenbidean aditu nagusietako bat izan da, eta horrek irakasle gonbidatu gisa eraman du Stanford, Oxford, Helsinki eta Kansasko unibertsitate ezagunetara.

‘Denon artean’ hautagaitzarekin garaitu du Eva Ferreira errektore ohiaren aurkako aurrez aurrekoa, botoen %63,63arekin. Unibertsitateko sektore eta lurralde guztietan izan da garaile eta horrek «aldaketarako gogo handia» adierazten duela azpimarratu du Bengoetxeak. «Hori izan da guretzat funtsezkoa eta horri eutsiko diogu».

Hitzetatik ekintzetarako igarotzeko garaia da orain. Errektore gisa hartuko duen lehen neurria «Jaurlaritzarekin zein Legebiltzarrarekin bilerak eskatzea» izango dela azaldu du. 2025 urteko EAEko aurrekontuen negoziazioan murgilduta dauden honetan, «EHU unibertsitate publikoa dela» ondo ulertu behar dutela azpimarratu du Bengoetxeak eta, beraz, «behar eta betebehar» batzuk dituela. «Erraztu egin behar du ikasleen sarrera unibertsitatera, ezin du prekarietate egoerarik onartu... Eta horretarako, finantziazioa» behar duela unibertsitateak.

Estilo berri bat

Parte hartzea izan da Joxerramon Bengoetxearen hautagaitzak kanpainan aipatu duen elementu nabarmenetako bat. Lan egiteko «estilo berri» baten aldeko aldarria egin du, «kooperatiboa, entzuten eta erantzuten dakiena». Unibertsitateko komunitateari «proposamenak eta ekimenak egiteko» aukera eman behar zaiela argi du EHUko errektore berriak. «Horretarako oso gertu egon behar gara eurengandik. Hasieratik inplikatu behar ditugu erabakitze prozesuetan».

Euskara eman eta zabaltzeko

«Argi geratu da euskara ez dela arma politiko bezala erabili behar». Bere hautagaitzaren kontra zabaldu izan diren «buloez» ari da Bengoetxea. Euskarak «babesa» behar duela nabarmendu du, «baita unibertsitatean ere». «Euskaraz eskaini behar dugu eskaintza guztia, euskarazko irakaskuntzarako materialak behar ditugu, komunitate zientifikoa landu behar dugu euskaratik...». Errektore berriak ez du ulertzen nola egon daitekeen inor helburu horren kontra. «Pedagogia erabiliz eta pazientzia askorekin» eszeptikoak direnak ere erakartzen saiatuko direla adierazi du. Hala ere, ulertu nahi ez duenarekin sobera egitekorik ez omen dago.