'Azken Erromantikoak' euskal ekoizpena zine karteldegira
'Marco' filma estreinatu eta astebetera dator Daviz Pérez Sañudoren 'Azken Erromantikoak'. Albiste ona da aste berean bertako bi film ikusteko parada izatea. Gainbeheran dagoen herri industrial batera eramango gaitu drama honek, bertako paper lantegian egiten du lan Irunek, Miren Gaztañagak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
David Perez Sañudoren 'Azken Erromantikoak' iritsi da ostiral honetan, azaroak 15, zine karteldegira. Txani Rodriguez laudioar idazleak 2020an idatzitako ‘Los últimos románticos’ eleberrian oinarrituta dago, Euskadi Saria irabazi zuen eleberriak urte berean. NAIZek filmeko bi eszena eta parte hartzaileen esperientziak biltzen dituen bideoa ikusteko aukera eskaintzen du primizian.
Irune (Miren Gaztañaga) da filmeko protagonista. Emakume bakarti eta hipokondriakoa da, herri industrial bateko paper lantegian lan egiten duena. Bere harremanak ezagun talde txiki batera mugatzen dira, lankideak, bizilaguna eta Renfeko langile bat, baina bere bizitzak goitik beherako eraldaketa jasango du bularrean kozkoz bat topatzen diotenean.
Miren Gaztañaga NAIZ irratiko Bigarren Kafea magazinean izan zen, bera da Azken Erromantikoak filmeko protagonista. Hala kontatu zigun orduan: «Goxotasun handia sentitu nuen egunean zehar eta oso kontent atera nintzen. Familiaz eta euskal kulturako jendeaz inguratuta sumatu nuen nire burua eta oso hunkigarria izan zen». Atzoko egunak berak sortzen zion halako ezinegon bat arlo emozionalean, ez zekielako nola eutsiko zion, baina bere hitzetan «zoragarria» izan zen.
Zinemaldiko estreinaldia amaitu eta ikusleen iritziak bildu zituen NAIZ irratiak. Asko gustatu zen fila, Miren Gaztañagaren lan ona nabarmendu zuten denek, baita filmaren gogoratasuna ere.