IRRATIA

«Otxobiko zundaketa ilegala da»

Nafarroako Otxobi herri inguruan zundaketak abiatu ditu Espainiar Gobernuak AHTaren proiektu informatiboaren baitan. Bertako lursailen jabe partikularrei zein agintariei ohartarazpenik egin gabe, ordea. Lanak legez kanpokoak direla salatu du  'Stop AHT zundaketak' plataformak.

Gorka Ovejero 'Stop AHT zundaketak' plataformako kidea, Iruñean dagoen AHT-aren kontrako murala gibelean (Jagoba Manterola | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Urriaren 9an, espainiar garraio azpiegitura agintariek esan zuten, AHTaren Nafarroako korridorearen eta ‘euskal Y’-aren arteko tartean, AHTaren proiektu informatiboa egiteko zein aukera hartuko zuten erabakitzeko omen diren zundaketak egiten hasiko zirela. Esan eta egin, zundaketa makinak agertu dira inguruan. Gorka Ovejero STOP AHT Zundaketak mugimenduko kidearekin bildu gara.

Otxobin aurkitu omen da zundaketa makina bat. Zer dakizue gaiaz?

Nekazari bati ur-hartune bat eskatu zioten (zundaketak egiteko ura behar izaten da) eta hala jakin genuen zundaketa makina bat Otxobiko kontzejuan zegoela. Gaur egungo trenbidearen ondo-ondoan zegoen, ustez, Renfe edo Adif-en lurretan. Kontzejuko presidenteak argibideak eskatu zituen eta langileek lan-paper bat erakutsi zioten non Otsobikoaz gain, agian Sakanan zundaketa gehiago egingo zituztela zioen.  Hori dela eta, zundaketen aurkako protokoloa martxan jarri genuen.

Zertarako dira zundaketa horiek?

Makineria pisutsuarekin burdinezko  barrak sartzen dituzte lurzoruan eta lur-laginak ateratzen dituzte jakiteko zer topatuko duten obra egitean. Jakin behar da, baita ere, nekazari eremuetan debekatuta dagoela pisu batetik gorako makinaria erabiltzea eta, beraz, ez dela nolanahikoa hondeamakinen sarrera.

Aspaldi emana zen zundaketak egin nahi zirenaren abisua. Ez, ordea, noiz.

Iruñetik Gasteiz edo Ezkio-Itsaso aldera badira hainbat bailara, Oltza, Iza, Sakana eta, gero, edo Lautadarekin batzen da Gasteizera edo Goierrirekin Gipuzkoa aldera. Zundaketak Izan, Sakanan eta Goierrin egitekoak ziren, duela hiruzpalau urte Oltzan jada eginak baitaude. Lautadan, berriz, ibilbide posible bat izanagatik, ez dituzte zundaketak eskatu; agian, eremu erraza iruditzen zaielako. Iazko apiril-maiatzean iritsi zitzaigun udaletara zundaketak egiteko baimen-eskaera eta udal gehienek ukatu egin zuten.

Bi zundaketa mota egingo dituzte: bat da burnizko hodiekin zulatu eta lur-laginak ateratzea eta, bestea, kanpaina deitzen dutena, alegia, sonar bidezkoak.

Salbuespen prozedura izan omen da, urgentziazkoa. Badirudi salbuespen eta urgentzia hitzen babesean ardura etikoa gehitzen dela, ezta? alegia, kontrakotasunari arduragabekeria egozten zaiola.

Ikusi da nahi ez den obra bat inposatzen dutela. Aurkakotasun hori salatu izan dute eta, urte t’erdiko atzerapena medio, Oscar Fuente ministroak aipatu zuen beren lurretan egingo zituztela zundaketak. Beraien lurrak zein dira? egungo trenbide sarea, zubiak eta tunelen bat. Baina AHTak beste bide bat egingo du, plataforma izugarri zabal bat eta, orduan, zundaketa egungo trenbide sarean egiteak ez du zentzurik. Otsobin, esaterako, egin behar luketen lekutik 50 metrora egin dute zundaketa.

Dena den, urgentziazko prozedura bat balego, legez, udaletan informatu beharko lukete eta ez da halakorik egin. Ondorioz, egiten ari direna ilegala da.

Aurkakotasun handia dago. Berriki Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan tarte honetan zuzenean kaltetutako udalerrietako alkateen %73k babestu dute adierazpen bidez AHTaren aurkakotasuna. Instituzionalki zer baliabide daude borroka honetan?

Ingurumen arazoak dituzten makroazpiegituretan sistema bera baliatzen da hauek onartzeko. Helegiteak aurkeztu daitezke, lanak atzeratu, baina, azken finean, Estatuak edo Autonomia Erkidego batek makroazpiegitura bat egin nahi badu, aukera guztiak izango ditu aurrera eramateko. Dena den, berriz esango dugu, exijitzen dugu eskualdeko erabakiak aintzat hartzea eta, batez ere, gutxien-gutxienik, beren legeak betetzea.

Arriskurik ekar lezake zundaketak berezko ibilbidean ez egiteak?

Espainiar estatuan oso gauza bereziak gertatu dira. Sevilla-Madrid AVE ezaguna mustu zuten 1992an; Abdalajís-en akuifero guztiak hustu zituzten. Pajareseko tunelean, Leon eta Asturias batzen dituen eremuan, ez zituzten azterketa serioak egin eta 10 urte egon dira ura, ura eta ura ateratzen, zementua tonaka sartzen, bailarak urik gabe geratu dira, azkenean, bidea moztu behar izan zuten…desastre bat izan da. Eta, gurean, ikusten dugu zundaketa gutxi batzuk egin ahal badituzte, lasai asko, horrekin nahikoa izango dutela erabaki politikoa den norabidea hartzeko. Zeren, erabakia interes politiko eta ekonomikoak bultzatakoa izango da nahiz eta teknizismoz apaindua izan.

Ekopol ikerketa taldean AHTak klima aldaketa arintzeko duen ahalmena aztertu dute eta ondorioetako bat izan da eskari nahikoa ez duten AHT lineak, ingurumen ikuspegi batetik hartuta, onuragarriak baino kaltegarriagoak izango direla etorkizunean.

Jakina. AHTak ez du inongo zentzurik ekonomikoki, mugikortasun aldetik, ingurumen aldetik… ez du inongo zentzurik ez bada, akaso, Espainiar Estatuaren kasuan, Madril eta Bartzelona lotzeko, hegazkinari konpetentzia egiteko eta kutsakortasun altu hori txikitzeko. Agian, ekologista desarrollistek esango lukete aire-zubia saihesteko egokia dela. Ez gaude ados, baina, zentzua izan dezake bi hiri horien artean. Hortik aurrera, AHTa ez da errentagarria. Adibidez, Euskal Y non geratuko da? Bilbon? Abanton? ez, geratuko da Basauriko San Migelen. Hau da, Gasteiztik Bilbora aurreztu ditzakezun minutu gutxi horiek galduko dituzu Basauritik Bilbora jaisten. Despopulazioaz hitz egiten badugu, gure lurretatik pasatzen dira, nekazaritza lur onenak hartzen dituzte eta ez da geratzen inongo eskualdetan eta, gainera, ez luke zentzurik geratzeak, zeren abiadura handiko trenak behar duena da distantzia luzeak geldialdirik gabe egitea. Ez du herrialdea egituratzen eta kohesionatzen eta soilik hiri oso handiak batzeko balio du. Ekopolen esanetan, gainera, bi hiri handiren lotura horretan hiri handienak jasotzen du onura gehien, enpresak bertan geratzen baitira. Sevilla eta Madril lotu zirenean hori gertatu zen, Sevillako enpresa askok Madrilera egin zuten alde eta jatorrizko hirian, besterik gabe, ordezkari txikiak baino ez zituzten utzi.

Iaz bete zituen 30 urte AHTaren aurkako borrokak eta, aitortu behar da, geratzea oraindik lortu ez bada ere, oposizio handia ari zaiola egiten eta asko moteldu duela obra. Mugimendua eraginkorra izan bada, beraz.

Diotenez, zentral nuklearren aurkako mugimendua izan da hemen izan den mugimendu jendetsu eta anitzena eta, bigarrena, zalantzarik gabe, AHTaren aurkakoa. Gaur egun, borroka nahiko ahuldua dago baina presente izan behar dugu erresistentzia hor dagoela, nahiko lanekin dabiltzala obrak egiterako orduan eta borroka luzerako dela.