IRRATIA

Izukari supertalde berriak ‘Ikari lehena’ lana kaleratu du

Maila handiko musikariak elkartzen direnean esate zaio proiektu bati supertalde eta kasu honetan hori da gertatu dena. Sexty Sexers taldean elkarrekin ibili ostean, proiektu hura amaitu eta urte mordo bat pasa ostean, Izukari sortu dute Joseba Baleztena eta Mikel Larratxek.

Joseba Baleztena eta Mikel Larratxe dira Izukari proiektua abiatu duten musikariak. (Miren NARBAIZA)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Berako faktoriaz askotan aipatu izan ditugu gauza onak eta faktoria horrek luzapena izan duela Arabako lautadan ere jakin badakigu. Izan ere Gakobeltz Hit Faktoria bertan sortu zuen Joseba Baleztenak duela urte batzuk. Bada, aurretik Sexty Sexers taldean elkarrekin ibili eta gero, Mikel Larratxerekin elkartu da berriz ere su txikian egositako proiektu hau lantzeko, Izukari.

Presarik gabe egin dute lan, eta diskoa «nahi baino beranduago» datorrela ere esan digu Mikel Larratxe taldeko abeslari, ilustratzaile eta letren egileak. Kontua da Baleztenak eta biek beste hiru izen garrantzitsu izan dituztela ondoan lan honetarako, Felix Buff bateria-jotzailea, Ander Mujika gitarra-jotzailea, Carlos Noain teklatu-jotzailea eta Iñigo Telletxea baxu-jotzailea. Larratxek esan zigunez, gainera, zuzenean ere musikari berekin arituko dira aurkezpen kontzertuetan. Guztiak ere ezagunak egin dituzten lanengatik eta parte hartzen duten proiektuengatik, maila altuko ‘roster’-a.

Bost kantuz osatzen da beren lehendabiziko lagina, tempo lasaiekoak guztiak, eta ia-ia progresiboak direla ere esan dezakegu. Halaber, bidelagun izan dituzte Xiker Salaberria, Borja Alkain, Joseba Larratxe eta Uxoa Anduaga. Diskoa ere eskuratzeko moduan dago bandcamp bidez, 200 aleko edizio mugatu bat kaleratu dute. Digitalean ere bertan soilik entzun daiteke, gainerako plataformek duten filosofia errefusatuz.

MusikHaria saioan izan zen Mikel Larratxe diskoa kaleratu zenean, orain elkarrizketa eta diskoa bera patxadaz entzuteko garaia da zuzenekoak etorri bitartean.