«Arazoa amaitu da, baina orain arduradun politikoei dagokie ardura hartzea»
Kalte larriak egotzi dizkiote Gueñeseko biomasa plantari. 2016 eta 2023 urteen artean, Glefaran enpresak gizakiaren osasuna zein ingurugiroaren kontrako kalte larriak eragin ditu, Ingurugiroko Fiskaltzaren arabera. Gaia jorratzeko, Patricia Soto izan dugu NAIZ Irratian, Gueñes Bizirik plataformatik.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Ikerketak ziurtzat eman du ohikotasunez gainditu zirela onartutako partikulen emisioak. Partikula horiek kardiopatiak, neumopatiak eta biriketako minbizia eragiteko arriskua areagotzen dituzte, Fiskaltzaren ondorioen arabera.
2017an, kanpoko enpresa batek emisioen kontaketa burutu zuenean, partikula isurketak onartutakoa baina bost aldiz altuagoak izan ziren. Zenbaketak egin eta bi egunera, biomasa plantaren jarduna bertan behera gelditu zen, konponketak egin arte.
10 milioi euroko inbertsioa egin arren, 2023ko urtarrilean, enpresa itxi zuten, egoera ekonomikoa argudiatuz. Era berean, horretan ziharduten 35 langileak kalera bota zituzten.
Aferaren jarraipen judiziala burutu du Gueñes Bizirik plataformak, eta bertako kidea da NAIZ Irratian izan dugun Patricia Soto.
2016 eta 2023 urteen artean egon zen martxan Glefaran enpresa, eta urteok gogorrak izan zirela nabarmendu du. Azaldu digunez, enpresa kea botatzen hasi zen «filtrorik gabe», eta Gueñes eta Zalla ingurua hauts zikin batek estali zuen.
Fiskaltzaren arabera, enpresa horren jarduna kaltegarria izan da bizilagunen osasunarentzat, eta hala berretsi digu Sotok: «oso egoera larria jasan izan dugu. Zazpi urtetan zehar, jendearen osasuna eta ortuan lantzen ditugun uztak oso kaltetuta ikusi ditugu».
Enpresa itxia dago uneotan, baina egungo egoera zein den azaldu digu Sotok. Eraikuntzak jarraitzen duela dio, «oso handia» dela, eta ingurua kutsaduraz betetzen duela, lurra bera barne.
Gainera, osasun arloan eragina jasan dutenen artean langileak ere badira. Horien osasun egoeraren berri izan duten galdetzean, ordea, elkarrizketatuak dio ez dutela horren berririk izan: «inork ez dauka inolako interesik lantegi hori egoera txarrean zegoela esateko, baina boterean zeudenek jakin bazekiten».
Ardurak banatzeko garaia
Gueñes Bizirik ekimenaren salaketa Eusko Jaurlaritzako hainbat kiderengana ere zabaldu da. Hainbat ardura egozten dizkiete, lantegia bertan ezarri eta mantendu izanagatik hasita. «300 tonako egurra erretzen zen egunero, eta horrek kutsadura itzela suposatzen du. Horrelako leku batean ezin da osasunik bermatu», esan du Sotok.
Izan ere, adibide gisa aipatu du Ameriketako Estatu Batuetan, 80ko hamarkadan, frogatu zela horrelako lantegiak zeuden inguruetan minbiziak gora egin zuela, bularrekoak bereziki. Egoeraren larritasunak bultzatuta, erabaki zen horrelako plantak ezingo zirela bizitokien inguruan eraiki; 10 kilometrora egon beharko zirela, gutxienez. Gueñes eta Zallan, ordea, «50 metrora zegoen etxebizitzekiko».
Enpresa iaz itxi zuten, 2023an. Itxiera horren arrazoia, ekonomikoa baino, kutsadurarekin lotutakoa ere izan zelako susmoa dute: «guztia zegoen bateratua. Zergatik zeukaten hainbeste arazo ekonomiko? Guk, biztanleriak, bagenekielako zerbait egin behar zutela. Hau da, filtro oso boteretsuak jarri behar zituzten, eta horrek diru asko suposatu du Glefaranen arduradunentzat».
Prozesuak bide judiziala hartu du orain, eta fiskaltzaren txostenaren berri ere eman da. Horren inguruan egiten ari diren jarraipenari buruz galdetuta, Patricia Sotok nabarmendu du egin beharrekoak egin dituela herri mugimenduak, eta orain erakundeek zein alderdi politikoek dutela ardura eta lekukoa.