IRRATIA
Elkarrizketa
Iker Vicente
Aizkolaria

«Urteak daramatzat etxean lan onak egiten, eta plazan erakutsi nahi nuen noizbait behintzat»

Nagusitasun osoz eskuratu zuen hirugarren txapela Iker Vicentek (Otsagabia, 1997) Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan. «Oso pozik» azaldu da garaipenarekin eta egindako markarekin. «Urteak daramatzat etxean lan onak egiten, eta plazan erakutsi nahi nuen noizbait behintzat», azaldu du otsagabiarrak.

Iker Vicentek iaz Iruñean lortutako garaipena errepikatu du Gasteizen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Astebetean bikoa egin du Iker Vicentek: aurreko igandean hirugarren txapela eskuratu zuen Euskal Herriko Txapelketan eta ostiralean urrez jantzi zen Urrezko Aizkorako finalean. Bi proben tartean, NAIZ Irratian aritu da nafarra. Lehen unetik aurrea hartuta, «nahiko lasai» egin ahal izan zituen lanak, baina ez poliki, marka berria ezarri baitu: 35 minutu eta 39 segundoan.

Eta ez edonola, iazko denbora ia sei minutuan jaitsi du Otsagabikoak, «egurren kalitate ona dela eta», Vicenteren hitzetan. Etxeko lan onak plazara ateratzearekin pozik, aurrera begira marka hobetzea ere «oso posible» ikusten du, egurrek laguntzen badute, noski.

Hirugarren garaipena duzu Euskal Herriko txapelketan.

Bai, horrela suertatu zen. Esperantza pixka bat baneukan; denboraldi nahiko txukun bat egitetik iritsi naiz. Konfiantza puntu batekin plazaratu nintzen eta uste bezala atera ziren gauzak. Lortu genuen aurrera ateratzea finala.

Hasieratik tartea aterata, erlojupekoa balitz bezala egin zenuen saioa. Espero zenuen hainbesteko nagusitasuna?

Kanporaketan ikusi nuen nahiko abantaila atera nuela. Uste nuen Ezpeletak kanporaketako lana baino hobea egingo zuela. Hasieratik aurrea hartzen hasi nintzenez, hasiera batean txapela ziurtatzean zentratu nintzen. Gero, ikusten nuen gorputzaldi onarekin nengoela eta lanaren bukaera aldera, ikusita egurrak politak zirela, saiatu nintzen denbora polita egiten.

Halaxe egin zenuen: marka berria lan hauetan, iazko denbora dezente jaitsita, bospasei minutuan.

Askotan esaten dugu gure kirolean zerikusi handia izaten dutela egurrek; sekulako aldeak egon daitezke horrelako lan luze batean. Iazkoarekin konparatuta, hain alde handia egurrengatik izan da gehienbat.

Hasieratik tartea ateratze horrek ere laguntzen du marka bat hausteko orduan?

Ez dakit seguru. Betiere lasaitzen zarenean, lana beste lasaitasun batekin egiten da, beste gozotasun batekin aritzen zara. Baina parean aurkariren bat edukiz gero, laguntzen du baita ere %100 ateratzen barru-barrutik, bukaeran gehienbat. Ez dakit nola izango zen parean beste norbait izango banu, denbora hobea edo txarragoa egingo ote ezin jakin, baina tira, horrela gertatu zen. Eta niretzat, aurretik joanda beti da errazagoa.

Aurreikuspenen barruan ibili zinen?

Bai. Urte asko daramatzat etxean lan onak egiten; denbora oso onak egin izan ditut etxean, eta plazan erakutsi nahi nuen. Denbora polit bat atera zitzaidan finalean eta ea aurrerantzean finalen batean egur onak egokitzen zaizkigun, denbora hau jaisteko gai ikusten naiz-eta.

2019an Euskadiko Federazioaren txapelketetan parte ez hartzea erabaki zenuten hainbat aizkolarik, eta berriz ere Federazioaren lehiara itzultzeko erabakian, hirugarren eta bigarren mailatik pasatu behar izan duzue. Oraindik ere batzuk lan horretan ari dira; esaterako, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi “Txikia IV.a”. Dena ondo bidean, hauek ere Lehen Mailarako bidea hartuko dute. Uste duzu lehia estua izan daitekeela?

Bai, argi dago. Igandean beraiek arituko balira, lehia oso estua izango litzateke. Ea pixkanaka gora igotzen garen maila dugun aizkolari guztiok eta berriro ere Lehen Maila ohiko bat bilakatzen dugun. Hurrengo urtera begira, beste bi igoko dira. Gauzak zuzen joanda, Txikia IV.a eta Larrañaga; eta hurrengo urteko finala oso interesgarria izango da.

Aizkoraz harago, pentatloiak erakartzen zaitu?

Oso zentratua nago aizkoran, motibazioz gainezka. Markak hobetzen joan nahi dut; nire %100a atera nahi dut aizkolari bezala eta badakit horretarako saiatu egin behar naizela, ezin naizela despistatu. Momentuz, nire %100 eman nahi dut aizkoran nire ibilbideko urte on hauetan. Aurrerago ikusiko da.