IRRATIA

Speedrunners-en lasterketa zirraragarriekin maiteminduta jarraitzen dugu Game Erauntsian

Indie jokoak altxor hutsak dira. Estudio txikiek sortutako proposamen sinpleek, askotan, jokalariak urte luzez harrapatzea lortzen dute; horixe bera gertatzen zaigu Speedrunners zoragarriarekin.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2013ko bideojokora itzuli gara egunotan, eta analisia eskaini nahi izan diogu irratsaioan. Ez baduzue ezagutzen, Mario Kart bezalako arkade lasterketa jokoak 2D plataforma tituluekin uztartzen dituen obra benetan berezia da. Multijokalaria bere zutabe nagusia izanik, lagunekin zein sareko ezezagunekin ordu luzez goza dezakegun bideojokoa da… lehia sanoa nahiz sumindurak sustatuz.

Albisteen aldetik, bideojokoen frankiziarik ezagunenari eragin dion berri txarra jaso dugu egunotan. Game Freak talde japoniarrak, Pokémon sagaren sortzaileak, datu lapurreta erraldoia bizi izan du: bideojoko berrien zein zaharren informazioa zabaldu dute sarean, Switch-aren oinordekoa aipatzeaz gain. Okerrena, langileen datuak ere argitaratu dituztela.

Football Manager kudeaketa jokoaren zaleak ere ez dabiltza pozik. Aurtengo atala, FM25, datorren urtera atzeratu dute Sega argitaletxeak eta Sports Interactive garatzaileak, orain egun gutxi batzuk azaroan estreinatuko zela iragarri ostean. Aldaketa handiak datoz atal berriarekin, eta arazoak zein ezinegonak eragin ditu.

Klasiko batera begira jarri gara, gainera. Red Dead Redemption originala hamalau urteren ondoren PCra iritsiko da azkenik. Rockstar Games-ek cowboy-en abentura eraberrituta argitaratu zuen iaz PlayStation 4 eta Switch kontsoletan, eta hobetutako bertsioa ordenagailuetara eramango du urri bukaeran.

Gran Turismo 4, S.T.A.L.K.E.R eta Alien: Isolation jokoekin bukatu dugu saioa.  Steam Next Fest jaialdia ere bizi izan dugu egunotan, eta, bukatzeko, Masahiro Sakurai sortzaile ezagunak bideojokogintzari lotutako YouTube kateari agur esan dio.