IRRATIA
Elkarrizketa
Xabier Legarreta
Lakuako Gobernuko Migrazio eta Asilo zuzendaria

«Atzerritar Legea aldatu eta prozedurak erraztu behar dira»

Azken bost urteetan 65.000 pertsona migratu jaso ditu EAEk. Tasa %9,7tik %12,6ra igo da. Datu hau 2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestaren parte da. Ikerketa honetaz eta gaurkotasuneko gaiez hitz egiteko NAIZ Irratian izan da Xabier Legarreta, Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendaria.

Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Astelehen goiz honetan bilkura du Giorgia Meloniren Ministroen Kontseiluak, Albaniara bidali zituzten lehen migratzaileak epaileen aginduz Italiara eraman ostean. Meloniren plan polemikotik, eta oro har, Europako migrazio arloan ezartzen ari diren politiketatik «oso urrun» sentitzen direla esan du Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.

«Bai lege esparruan eta bai nazioarteko akordioetan giza eskubideak errespetatzen ez dituzten ekimenak» abian jarri nahi dituztela uste du. «Eusko Jaurlaritzan kezka handiz bizitzen ari gara migrazio politikak hartzen ari diren noraeza». Horregatik, politika horiek «humanizatzearen» aldeko apustua egiten dutela azaldu du. «Faltan ematen ditugu Europar Batasunaren ezaugarri ziren giza balioak».

2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestako azken datuek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan migrazioak duen argazkia erakusten dute. Horren arabera, atzerritik etorritako biztanle gehienek zerbitzuen sektorean egiten dute lan, bereziki etxe-zerbitzuetan eta ostalaritzan. Legarretaren arabera, «nahiz eta atzerritar jatorriko biztanle gehienek sektore horietan lan egin, beste sektore batzuetan ere nabarmentzen dira: industrian, eraikuntzan eta lehen sektorean, esaterako».

Dena dela, datu horietan interesgarriena, aipatutakoa baino, honako hau dela esan du: EAEn atzerritik etorritako 130.400 pertsona lanean daudela. «2010etik hona dugun zifrarik handiena da eta uste dut interesgarria dela aztertzea zein kolektibotako jendea dagoen zein sektoretan lanean, lan okupazioan, jatorriaren arabera datuak era batekoak edo bestekoak direlako».

%2,1ek bakarrik egiten dute etxean euskaraz

Hizkuntzari dagokionez, euskara %2,1ek hitz egiten dute etxean. Legarretak azaldu du datu hori pixkanaka-pixkanaka igotzen doala eta kontuan hartzekoa dela «gaztelaniaren erabileraren zabalpena». «Dauzkagun atzerritarren artean ia %50 Latinoamerikatik eratorritako jendea da, eta gaztelaniaren erabilera oso altua izatea dakar horrek». Erronka bezala ikusten du Migrazio eta Asilo zuzendariak euskararen erabilera, eta arlo horretan «lan asko» egin behar dela berretsi du.

Nabarmendu du, gainera, gizarteratzea «lehentasunezko» kontua dela berarentzat. Izan ere, inkestaren arabera, atzerritar jatorriko biztanleriaren %55 inguruk EAEn integratuta daudela sentitzen dute. Datu hau azken 30 urteetan jorratutako harrera ereduaren lan ildoetako bat gizarteratze prozesuak bultzatzea izatearen emaitza dela uste du. «Integrazioa guretzat lehentasun bat da eta argazkian hala agertzea pozgarria da. Egia da, hala ere, honetan jarraitu behar dugula».

Jendea hona datorrenean, hasieran familiei diru apur bat bidaltzea da haien asmoa. Denbora pasa ahala, ordea, integratzen joaten dira eta haien helburua lan mundura sartzea eta hemen bizi berri bati ekitea da.

Bestalde, galdetutako pertsonen %7,9k ez dute bizileku baimenik edo, 16 urte edo gehiago izanda, lan baimenik. Horren aurrean, hasteko «atzerritarren legea aldatu eta prozedurak erraztu behar» direla adierazi du. «2010etik hona datu hori ere gero eta txikiagoa da. Euskadin 277.000 biztanle dira gutxi gorabehera kanpotik etorriak eta ia %33k espainiar nazionalitatea dute, gehienak erroldatuta daude, baina %7,9k oraindik ez du bizileku baimenik eta hori aztertu eta hobetu behar da», adierazi du Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak.