IRRATIA

«Bideo jokoen gorakadak City Pop musika berreskuratu du»

City Pop musika estiloaren inguruan aritu da Maialen Tellabide Barquero Bigarren Kafean. Nondik datorren, izan duen bilakaera eta gaur egun Z belaunaldiarengan duen eraginaz hitz egin digu.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Dragoi Bola Z, Pokemon, One Piece, Sakura, Muka Muka eta antzeko telebista saioetan entzun ahal izan da City Pop estiloko musika. «Nire adin bueltako euskaldunek oso txikitatik izan dugu harremana genero honekin baina ez gara horretaz kontziente izan». Pop japoniarraren generoetako bat da. 70eko hamarkadan eman zituen lehen urratsak baina arorik oparoena 1980 eta 1990 bitartean izan zuen. Funk, disko, R&B, soul eta jazza bezalako estiloak nahasten dituen musika da.

«Mendebaldearen eragin kulturala sumatzen da. Japonian oparotasun ekonomiko handia zegoen 80ko hamarkadan. Gazteria ondo prestatuta zegoen ikasketa aldetik eta aberatsak ziren. Teknologia aldetik oso aurreratuta zegoen herrialdea zen Japonia eta gizartean ere aldaketa sakona eman zen soinu berrien bila».

Emakume bakarlariek arrakasta handia izan zuten eta nahiz eta ahotsak asko agintzen zuen, instrumentistak ere nabarmendu ziren. Azpimarratu daitezkeen izenen artean aurki daitezke Akira Terao, Tatsuro Yamashita eta Masayoshi Takanaka. Instrumentuak nabarmentzen diren taldeen artean, Casiopea aipatu daiteke.

Entzun Maialen Tellabide Barquerorekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.