IRRATIA

«Ulertua sentitzen banaiz, aske sentituko naiz eta beraz, asetuta»

Askotariko gaiak landu ditugu azken hilabetean Bigarren Kafea irratsaioan baina bada kontzeptu bat elkarrizketa askotan agertu dena: loturak sortzearen garrantzia. Donna Apellaniz Nieto emozioen terapeutak komunitate bat eraikitzearen onurak azaldu dizkigu. 

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


«Ikuspegi sistemiko batetik, giza harremanen balioa ulertzea ez da soilik biziraupen emozionalaren kontua, baizik eta pertsona moduan erabat garatzeko gakoa» esan digu Donna Apellaniz Nietok. Gure harremanak, gure nortasuna, esperientziak eta ongizatea eraikitzeko oinarria dira loturak. Horregatik agian, behin eta berriz agertu da gai hau iraileko Bigarren Kafeko elkarrizketetan. Kera elkarteko Palmira Dualek kontatu zigun emakume ijitoen topaketak antolatu zituztela, emakume horien arteko sarea sendotzeko; J.Fox Quartet musika taldeko kideek esan ziguten garrantzitsuena talkideen arteko harremana zela eta BookTok fenomenoaz aritu ginenean, eguneroko bizitzan beren liburuei buruz norekin hitz egin ez duten irakurzaleek TikTok komunitatean beren zaletasuna partekatzen duten pertsonak topatu dituztela azaldu genuen. 

«Askotan, ez dugu kontuan hartzen balioak, interesak eta komunitate-zentzua partekatu ditzakegun pertsonez inguratuta egotearen garrantzia. Baina, egia esan, lotura horiek elikatu, eutsi eta, kasu askotan, salbatu egiten gaituzte» dio Apellanizek. Izan ere, beste pertsona batzuekiko loturak sortzea ez da azaleko konexioaren kontua soilik, sakoneko zerbait da, eta ikusiak, entzunak eta ulertuak sentitzea ahalbidetze digu. «Ez gara hain bakarrik sentitzen gure eguneroko borroketan, ulertuago sentitzen gara. Munduari bakarrik aurre egin behar ez diogula gogorarazten digu etengabe».