IRRATIA

Krisian dagoen demokraziari kolektiboki erantzuteko aukera emango du ArantzazuLabek

Demokraziaren berrikuntzarako joerak eta eraldaketarako inspirazioa jaso asmoz, ArantzazuLabek Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldiak antolatu ditu asteazkenetik ostiralera bitarte. Gai mardul horiei heldu diete Naiz Irratiaren mikrofonoetan Naiara Goiak eta Julen Mendozak.

ArantzazuLABek antolatutako jardunaldien ingurukoak ekarri diztuzte Naiz Irratiaren estudiora Goiak eta Mendozak. (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Urriaren 9tik 11ra, lehen jardunaldi batekin Bilboko Euskalduna Jauregian eta gainontzekoekin Oñatiko Arantzazun duten egoitzan antolatuko ditu ArantzazuLabek Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldien lehen edizioa, berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko erronka konplexuen egungo testuinguruan leloarekin.

ArantzazuLabeko zuzendari nagusi Naiara Goiak egin du Naiz Irratirainoko bidea, jardunaldien ingurukoak baina batez ere, jardunaldiok aztergai izango dituzten gaietan sakontzeko.

Aukera baliatuta, lehen diagnostikoa: berrikuntzarako beharra al du demokraziak? «Guk uste dugu demokraziaren aurkako mehatxuak areagotzen ari diren honetan bai gobernuek eta gizarte erakundeek behar dituztela ikuspegi estrategikoak, maila goreneko politika eta batez ere gobernuek gizarte eragileekin eta herritarrekin lankidetza eredu berriak gizarte erronkei modu kolektiboan aurre egiteko», azaldu du Goiak. Gaur egun pil-pilean diren aldaketa klimatikoa, arrakala sozialak edota gatazka belikoen suspertzea, «demokraziaren krisi» baten isla direla uste du Goiak, baita konponbide partekatu horren beharra ere.

Goiarekin batera, diagnostikoa osatzeko KO-Garri Gizarte Berrikuntza Aholkularitzako zuzendaria izan da. Bizi den aro aldaketaz jabetzera deitu du Julen Mendozak, baita agortzear den sistema garaikidearen mugez ere, «ditugu gizarte gero eta konplexuagoak, erronkak ere oso konplexuak dira eta ziur asko garai batean sortu zen demokraziaren kontzeptu hori, agian ongizatearekin oso lotutakoa gaur egun ez da gai konplexutasun horri aurre egiteko».

Egoera konplexu honetan hala ere, «badago tendentzia bat erronka konplexuei sinplismotik erantzutekoa, populismoarekin, autokraziarekin eta horrelakoekin lotutakoa», Mendozaren arabera. Nahikoa da aintzat hartzea ultraeskuinetik bereziki (baina ez soilik) migrazioaren edota berdintasunaren inguruan proposatzen duten agenda.

Hortaz, gizarte eredu berritzaile, anitz eta demokratiko bat bermatzeak suposatzen duen konplexutasunari erantzun kolektiboa eman behar zaiola jakinda, hausnarketarako eta proposamenerako plaza da ArantzazuLabek eskainiko duena Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldietan. Bertan lau helburu nagusi izango dituztela aurreratu du Naiara Goia zuzendariak: «Gaia eztabaida publikoan jartzea», «demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutzea eta gu baita ere inspiratzea», «gogoetarako espazio bat sortzea» eta «ArantzazuLaben lanarekin lotzea».