«Saiatuko gara berak egingo lukeena egiten, baina ez gara bera»
Alkizako herria Koldobika Jauregiren baitan bilduko da urrian zehar antolatu dituzten ekitaldietan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Koldobika Jauregik zioen artistaren buruan eraikitzen dena eraikita dagoela, artistak ez duela ikusi beharrik sinesteko, eta nork daki zenbat utzi zuen Koldobikak berak eraikita. Hori horrela, Bizitza Efimeroa egitasmotik artistaren bizitza ospatzeko asmoz hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Alkizan antolatutako ekintza horien inguruan hitz egin dute Bigarren Kafean Iñaki Irazabalbeitia, Uxue Lasa eta Xabier Artolak. Heriotza baten aurrean lanean aritzea erraza ez dela kontatu du Xabierrek: «Ustekabeko heriotza baten aurrean ez da erraza zer egin jakitea, hala ere herrian zerbait egitea beharrezkoa ikusi genuen».
Ekintzak pixkanaka antolatzen arituta, Uxue Lasak azaldu du Koldobikaren paperean jartzea zaila egin zaiola, nondik jo jakitea ez dela erraza izan: «Asko kosta zaigu nondik heldu jakitea, egon da momentu bat esan dudana ez naiz Koldobika, eta saiatuko gara berak egingo lukeena egiten, baina, ez gara bera».
Artistak herrian utzitakoa garrantzitsutzat dute eta honen baitan antolatu dituzte urri osoan zehar erakusketa, Dantza filmaren proiekzioa, bazkari herrikoia, eta beste hainbat ekimen. Iñaki Irazabalbeitiak azpimarratu du artistak herrian izan duen garrantzia: «Koldobikak Alkizari asko eman dio, batetik bere konpromezua, zinegotzi lanetan aritu baitzen; eta bestetik, prestutasuna, herrian antolatu beharreko guztian laguntzen ari zen».
Artista omendu eta bere lana goraipatuko dute Alkizan, urrian egingo dituzten ekitaldi eta omenaldietan.