IRRATIA
Elkarrizketa
Begoña Pedrosa
Lakuako Hezkuntza Sailburua

«Legearen dekretuen garapena hezkuntza komunitatearekin batera egin behar dugu»

Legegintzaldia hasi berritan, NAIZ Irratian izan da Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza Sailburua. Pasa den urtean Hezkuntza Legea onartu zenez «bideorria» badutela esan du, eta dekretuak zein proiektu zehatzat hezkuntza komunitatearekin batera eraikitzeko deia egin du.

Begoña Pedrosa, Lakuako Hezkuntza Sailburua. (Oskar Matxin | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburua NAIZ Irratian egon da eta gainerako legebiltzarkideen aurrean ildo nagusiak aureztu osoan, bere saileko lanetan murgiltzeko gogoz agertu da, Gasteizko Legebiltzarrak bere ohiko jarduera berreskuratu berritan. «Aurreko legegintzalditik badugu abantaila bat, badugu bideorri bat eta orain Hezkuntza Legeari forma ematea dagokigu», kontatu du. Gaineratu du dekretuak eta proiektu zehatzak diseinatu eta martxan jartzeko hezkuntza komunitatearekin egin behar dutela lan, «nahiz batzuetan erraza ez izan».

Hezkuntzaren doakotasunari dagokionean, konpromiso zehatzat hartu behar direla azaldu du eta une honetan «ariketa analitiko» bat egiten ari direla, garraioa edo jantokia bezalako zerbitzuak aintzat hartzeko. «Doakotasunaren bermea beharrezkoa da, ez bakarrik ikuspegi normatibo batetik, aukera eman behar diogu familia guztiei modu berdintsu batean hezkuntza sisteman sartzeko», azaldu du. Hezkuntza Legeko xedapen gehigarrian publifikazioa badagoela gogoratu du, eta «planifikazioa» beharrezkoa dela gaineratu: «Horrelako prozesu bat abiatzeko azterketa bat egiteaz gain, beste aldearen adostasuna ere behar da».

«Erronkak nahiko argi ditugu euskara eta euskal kultura irakasteko prozesuetan, ditugun metodologiak aztertu eta behar denean aldatu behar ditugu, baliabideak ere behar ditugu, eta hori guztia diseinatzea eta martxan jartzea dagokigu», erantzun du euskalduntzearen inguruan galdetuta, eta ikastetxez ikastetxe egin beharreko lana azpimarratu du.

Kultur transmisioa eta literatura edota irakurzaletasuna dira sailburuak identifikatutako bi erronka nagusi eta horiei lotuta «curriculumari dagokion mapa» bat egiten ari direla azaldu du, horrela ikastetxe ezberdinetako egitasmoak partekatu eta indartuko dituztela.

Hizkuntza proiektuen inguruan esan du dekretu bat egingo dutela, eta horretarako hizkuntza proiektuak nola ulertzen diren zehaztu behar dela, ondoren ikastetxe bakoitzak bere estrategia propioa garatzeko: «Ditugun datuak kontuan hartuta, kezkatu behar gaituena tokian toki hartzen diren erabakiak dira, ez horrenbeste ikastetxe bat zein eredutan katalogatzen den».

Digitalizazioa

Egungo ikastetxe publikoen produktu informatikoak Microsoft enpresarekin dabiltza lanean, bi urte barru amaituko da kontratua eta Pedrosa sailburuak azaldu duenez, bestelako ereduak ere lantzen ari dira: «Software libreko proiektu pilotua martxan dugu, baina ikastetxeekin lan handia dugu egiteko, eta esan digute hainbat irakasle ez daudela prest beste eredu batzuk erabiltzeko».

«Gure helburu nagusia ikasleak erabilera arduratsu bat egiteko ahalduntzea da», azaldu du mugikorraren debekuaz edo arautzeaz galdetuta. Egun araudi hori osatzeko formazioa jasotzen ari direla azaldu du, eta Altxa Burua elkarteak duen ikuspegia eta Hezkuntza Sailarena «oso urrun» ez daudela onartu du: «Bizikidetza positiboa izateko zein arau jarri behar diren martxan hausnartu behar dugu».