«Merkatu propioa berreskuratzeko» aukera eskaini nahi die abeltzainei Urduñako hiltegi berriak
Irailaren 21ean inauguratu zuten eskualdeko abeltzainek duten hutsunea betetzera datorren Urduñako Haragi Eraldaketarako Zentroa. «Beste izen bat eman diogu beste zerbait delako, ez da hiltegi normal bat», Bedarbide Abeltzainen elkarteko Mikel Kormenzanaren esanetan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Behar handi bat asetzera etorri da Belardi izeneko hiltegi berria, Urduñan. Izan ere, abeltzaintza industria intentsiboaren aurrean, tokiko abeltzainek galdu dituzten espazio eta zuzeneko harremanak berrezarri nahi dituzte azpiegitura kudeatzen duen Bedarbide Abeltzainen Elkartean. «Gure lehen helburua da abeltzain bakoitzak aukera izatea bere merkatu propioa berreskuratzeko», dio Bedarbideko presidente Mikel Kormenzanak. Hau da, «gure merkatu eta ferietan abeltzain produktuak erosteko aukera izatea».
Zergatia sinplea da Kormenzanaren arabera; «errentagarritasunaren oinarria delako. Lortzen badugu balore gehiagoko produktuak ekoizten balore gehiago edo errenta gehiago geldituko da gure eskuetan».
Neurri handi batean, iraganeko salmenta espazioa eta salerosketa moduak berreskuratzean datza hiltegi berriaren gakoa. Horrek ez du esan nahi aurrera begiratzen ez dutenik, eta azpiegiturak duen izen ofizialak balio du ere honek duen izaera berritzailearekin bat egiteko, Haragi Eraldaketarako Zentroa. «Beste izen bat eman diogu beste zerbait delako, ez da hiltegi normal bat», azaldu du Bedarbideko presidenteak. Belardin abereak hil eta zatikatzen direlako. Baina badago hauek odoluste, lukainka ala txorizo bilakatzeko aukera, edota haragi gisatua eta kroketak erosteko aukera. Eta ez hori bakarrik, formakuntza ere izango delako euren ardatzetako bat, espazio hori komunitatearen esku jartzea izango den bezalakoa.