IRRATIA

«Zinemaldiko ilaretan sortu zen Sebastiane saria; beharra zegoen»

Duela 25 urte, 2000. urtean Gehitu elkarteak Sebastiane saria sortu zuen, Zinemaldiko LGTBI film onenaren saria, lehiaketan dauden sail ofizialetako edozeinetan, lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen balioak eta errealitatea hoberen islatzen dituena. 

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Pelikulen artean aniztasuna erakusteko garaian gabeziak ikusten zituen Gehitu elkarteak eta horrexegatik hasi zuten 25 urte dirauen elkarlan bat Zinemaldiarekin batera: Sebastiane Saria. Lehen pelikula irabazlea Ces Gay-ren 'Krampack' izan zen, eta azkena berriz, Estibaliz Urresolaren '20.000 especies de abejas'. 

«Elkarteko jendeak sortu zuen, Zinemaldiko emanaldietako ilaratan eta 25 urte beranduago, Zinemaldiarekin elkarlanean ari gara» kontatu digu Aritz Dendategik. Derek Jarman zinegilearen 'Sebastiane' (1976) pelikularen omenez hartu zuten izena sariak. 

Aurtengoan 14 dira Sebastiane saria eskuratzeko hautagaiak eta Gehituko kideez gain, Eneko Sagardoy eta Ana Castillo ere aritu dira epaimahaikide lanetan. Gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan jakingo dugu zein den pelikula saritua. «Ikustaldiak oso ondo joan dira, baina ez dizuet esango zeinek irabazi duen» esan digu irmo Dendategik. 

Aurretik sariaren 25. urteurrena ospatzeko '120 battements par minute (120 taupada minutuko)' pelikula eskaini zuten joan den igandean, eta plazer bat izan zen bere aktore protagonista Nahuel Perez Biscayart eta zuzendaria, Robin Campillo aurkezpenean egotea. 

2013an gainera Sebastiane latino saria sortu zuten, urteko pelikula latinoamerikarren artean aniztasuna hoberen islatzen duena saritzeko asmoz. Aurten Brasilgo 'Baby' pelikulak eskuratu du sari hau.