IRRATIA

Resident Evil Village-n herrixka beldurgarrian barneratu gara

Resident Evil Viilage bideojokoa aztertzeko tartea hartu dugu Game Erauntsia saioan. Bestetik, albiste txarra datoz: Annapurna Interactive indie argitaletxeko lantaldeak dimisioa aurkeztu du eta Xbox-ek 650 langile kanporatu ditu.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Game Erauntsia irratsaioan ez dugu analisientzako tarterik eduki aspaldian horrenbeste albiste garrantzitsurekin. Hori zuzentzeko bideojokoen munduko sagarik handienaren azken atal nagusia ekarri dugu: Resident Evil Villageko Errumania beldurgarrira bidaiatu dugu Ethan Winters protagonistarekin.

Capcom-en bideojokoa 2021. urtean estreinatu bazen ere, eduki gehigarriekin eta modalitate berriekin bizirik jarraitzen du gaur egun. Esaterako, lehen pertsonako ikuspegian jokatzeko aukera zegoen bakarrik estreinaldian; orain, berriz, hirugarren pertsonan ere gaindi dezakegu. Ez dugu gezurrik esango: ez balitz ikuspegi aldaketagatik izango, ez genuke jokatuko.

Albisteen aldetik, 2024a urte benetan latza izaten dabil bideojokoentzat, askotan aipatu dugun modura. Kaleratzeak ikusten gabiltza nonahi, eta, zoritxarrez, horiek dira aste honetako protagonista nagusiak. Alde batetik, Annapurna Interactive indie argitaletxe ezaguna desagertzen ikusi dugu, bere lantalde osoak dimisioa aurkeztu baitio Annapurna Pictures enpresa nagusiari; bestetik, Xbox Game Studios-eko 650 langile kanporatu ditu Microsoft-ek.

Berri pozgarriagoak ere baditugu, zorionez. Unity garapen motore ikaragarriak hainbat erabaki polemiko hartu zituen iaz, baina atzera egitea erabaki dute azkenik: instalazio kuota erabat ezabatu dute, indie garatzaileei lasaitasuna eskainiz. Hala ere, beranduegi dela pentsa dezakegu: Godot edo Unreal Engine tresnek bideojoko sortzaileen begiradak harrapatu dituzte Unityren hanka sartzearen ostean.

Bukatzeko, iazko bideojokorik bikainenetakoa ekarri dugu berriz saiora. Baldur’s Gate 3k mod sortzailea estreinatu du. Eduki estetikoak sortzeko balio du ofizialki… baina, zelan ez, zaleen komunitateak tresna osoa askatzea lortu du, edozer eratzeko bideak irekiz.