«Aktore bezala opari bat izan da ‘Azken Erromantikoak’ egin ahal izatea»
Atzoko estreinaldi egun luzearen aje emozionalarekin etorri zaigu Miren Gaztañaga aktorea Bigarren Kafera. David Perez Sañudo zinegile bilbotarraren ‘Azken erromantikoak’ pelikulako protagonista da Gaztañaga.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
«Goxotasun handia sentitu nuen egunean zehar eta oso kontent atera nintzen. Familiaz eta euskal kulturako jendeaz inguratuta sumatu nuen nire burua eta oso hunkigarria izan zen». Atzoko egunak berak sortzen zion halako ezinegon bat arlo emozionalean, ez zekielako nola eutsiko zion, baina bere hitzetan «zoragarria» izan zen.
Txani Rodriguezen ‘Los últimos románticos’ liburuan oinarrituta dago filma eta Gaztañagak aitortu digu pelikula egiterako unean ezin izan zuela Rodriguezekin egon. «Gerora egon gara berarekin. Plazera izan da liburua eskura eduki ahal izatea, inspiratzailea izan delako».
David Perez Sañudok eta Marina Paresek egindako gidoia beraiekin landu du Gaztañagak eta horretan ere jarri du azpimarra. «Marinarekin eta Davidekin eskuz-esku aritu naiz eszena guztiak lantzen. Hortik aparte, aktorearen etxeko lana dago, Iruneren barruan sartu eta bera ezagutzeko». Sañudoren eta Paresen lana ere balioan jarri nahi izan du. «Nobelaren esentzia oso ondo islatu dute. Aktore bezala opari bat izan da. Ez da pertsonaia arrunt bat eta naturalismo ukitu bat eman behar zitzaien irteera friki horiei».
«Davidek liburua jaso zuenean enkargu modura iritsi zitzaion baina bere unibertsoaren estiloko lana da. David euskaldun berria da eta sentsibilitate handia du elebitasunarekiko. Enkargua izan da baina oso berezko sentitu dute eta asko asmatu dute errealitate hori islatzeko unean».
Entzun Miren Gaztañagarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.