IRRATIA

«Urte luzeetan erabat desegokiak izan diren politika horien errotiko aldaketa eskatzen dugu»

Ostegun honetan EAEko legebiltzarkideak osoko bilkurara itzuliko dira berriro. Halaber, ostiralean, XII. Legegintzaldiko lehen kontrol saioa izango du Lakuako Gobernuak. Hastapen hauetaz eta egunerokotasun politikoaz hitz egiteko Nerea Kortajarena, EH Bilduko legebiltzarkidea, izan da NAIZ Irratian.

Nerea Kortajarena NAIZ Irratiko estudioan (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Zazpi hilabeteren ostean ohiko martxa hartuko du Legebiltzarrak ostegun honetan. EH Bilduko legebiltzarkidea den Nerea Kortajarenaren ustetan «denbora gehiegi» da «gobernuari kontrola behar den bezala» egin gabe. Kortajarenak aurreratu du «herritarren artean nagusitzen ari diren gaiak» eramango dituztela Legebiltzarrera lehenengo aste honetan: Osakidetza eta bere pertsonal-politika, adibidez. «Uste dugu Osakidetzaren gain behera hori gelditzeko premiaz hartu behar diren erabakien artean dagoela kontratazioa eta politika horietan pausoak ematea, pertsonalak baldintza onak izan eta Osakidetzan gelditzea erabaki dezaten». Funtsean, eskatzen dutena «urte luzeetan erabat desegokiak izan diren politika horien errotiko aldaketa» da.

Etxebizitzaren auzia ere eramango dute Legebiltzarrera. Prozesuak azkartzea eskatuko dute EH Bildutik: «prezioen indizeak ezarri ahal izateko Lakuako gobernutik lanak azkartu egin behar dira, horretarako ezinbesteko da diputazioak ere beharrezkoa den informazioa helaraztea». 2015eko etxebizitza legea jarri du adibidetzat. Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, «eraginkorrak izan zitezkeen hainbat neurri» ez dira aplikatu, eta ondorioz egoera «larri» batera eraman gaitu: «bizitoki larrialdi» batera.

Nahiz eta gaiak berriak ez izan Kortajarenak esan du «ikusi beharko dela» ea aldaketarik dagoen «lehen onartzen ez ziren arazo batzuk onartzen dira, baina ikusi beharko da horiek bideratzeko ezinbestekoak diren politiketan eman beharreko aldaketak emateko borondaterik dagoen». Zentzu horretan hainbat kezka agertu ditu, esaterako Osakidetzaren gaiaren inguruan: «onartzen da arazo bat dagoela, baina gehiago binkulatzen da garaiko arazoekin, pandemia pasa izanarekin, gizartearen zahartzearekin… Ez arazoaren muinera joaten, eta nolabait ekidin egiten da onartzea hartu direla erabaki politiko batzuk kudeaketarekin erlazionatutako egoerara».

Sailak

Egun hauetan sailburu ezberdinak batzordeetatik igaro dira, beraien nahien berri emanez. Ibone Bengoetxea lehendakariordeak ziurtzat eman du Urdaibai Guggeheim proiektua. «Inkognita asko» daudela nabarmendu du Kortajarenak. «Ez dakigu ze proiektu mota den. Komunikazio arazoak aipatu zituena Ibone Bengoetxeak, ez zutela asmatu proiektua ondo azaltzen. Egia da, ez dakigu zeri erantzuten dion: proiektu kulturala da? Ingurugiro ikuspegitik ze proiektu klase da hau? Zalantza asko dituen proiektu bat da eta argitu gabe jarraitzen dute zalantza horiek.» Lehendakariordeari ere horrela helarazi ziotela azaldu du legebiltzarkideak. «Entzun egin behar zaiola inguru horretan bizi den jendeari, herritar horiek adierazten dutenari eta begiratu egin behar dela, nik esango nuke ez dela,  momentu honetan inguru guzti horrek behar duen inbertsio publikoa».

Mikel Torres lan sailburuak ere esan zuen posible zela EAErako soldata propio bat izatea eta Nerea Kortajarenak argi utzi du beraiek ere posible ikusten dutela, baina «posible izateaz haratago, beharrezkoa dela gure errealitate sozioekomonikora egokitutako gutxieneko soldata bat edukitzea». Gakoa jaurlaritzak berak izan behar duen jarreran dagoela nabarmendu du. «Posible eta beharrezkoa da, baina uste dugu jaurlaritzak jarrera proaktiboa izan behar duela helburu politiko hori gauzatu dadin: bere menpeko diren kontratazioetan eta diru laguntzetan ezarri dezake gure errealitatera egokitutako gutxieneko soldata bat eta horrekin mezu argi bat helaraziko lioke gizarteari eta baita merkatuari ere». Bestalde, prozesua zaintzea eta  eragile guztien parte hartzea bermatzea «ezinbestekoa» izango dela esan du.

Bingen Zupiria segurtasun sailburuak ere bota ditu bere nahi eta eskaerak batzordeetan. Tartean polizia ereduari buruzko solasaldia izan zuten. Kortajarenak argi esan du «ukaezina» dela polizia ereduarekin arazo handi bat dagoela herri honetan. Uste du «legislatura honetan, soseguz, behar den lasaitasunez, baina behar den sakontasunez ere heldu behar den auzia dela, eztabaida eman behar dela». «Esango nuke eztabaida hori emateak gertuko polizia bat, demokratikoa, gardena izango den polizia batera bidea egiteak ere lagundu dezakeela hein handi batean segurtasun pertzepzioa hobetzen».