IRRATIA

«Urte asko dira bost axola digula besteek pentsatzen dutena; oholtzan gozatzea da helburua»

«Bakoitzak bere lenguaia jorratzen du, musikari formatuak gara eta bakoitzaren gustuek influentzia dute taldean» esaten dute J Fox Quartet taldeko kideek. Eskarmentu handiko musikariak dira Juanma Urriza, Fredi Pelaez, Oskar Lakunza eta Xabier Barrenetxea eta proiektu berri bat aurkeztu digute. 

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Juanma, Fredi Oskar eta Xabier. Edo euren inizialak elkartuta, J Fox. Izen hori jarri diote eskarmentu handiko musikari hauek sortu duten jazz talde berriari: J Fox Quartet. «Lehenego unetik konplizitate handia izan dugu eta koherenteki jotzen dugula uste dut» esan digu Xabier Barrenetxeak. Taldekideen arteko konexio hori agerikoa da oholtzan. «Kontzertura etorri zen musikari batek esan zigun amorrua ematen ziola zein ondo moldatzen ginen ikusteak» dio barrez Juanma Urrizak. Kalitate handiko musika egiten baitute, baina jolasean ari diren umeek bezala disfrutatzen dute; «pianotik irten eta teklatu lanetan jolasten aritzea gozatu ederra da» aitortzen du Fredi Pelaezek. 

«Piano soinuekon probatzen hasi ginen, baina segituan eraman nuen elektrikora eta soinu horiekin garai bateko jazz estilora joan ginen, garai batean entzuten nuen musikara» kontatu digu Fredik berak. 

Horrela, jazz doinu horiek izpide hartuta, «proiektu honek bere bidea zein den adierazi digu eta beraz, bide onetik goazela uste dugu» esan digute.