IRRATIA

NAIZ Irratiaren programazio berriaren aurkezpena

Saio berezi batekin, eta NAIZ Irratiko komunitatearekin, egin du denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala NAIZ Irratiak. 

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


NAIZ Irratiaren 2024-2025 denboraldiko programazio berria aurkezteko emankizun berezian urteko erronka nagusiak azaldu dituzte proiektua posible egiten duten langile eta kolaboratzaileek. Hitza izan da nagusi, noski, baina musika ere bai. Festa giroa nagusitu da. 

Goizean goizetik gaueko ordu txikitara luzatzen da NAIZ irratiko programazioa, astelehenetik igandera. Tartean, aktualitatea, analisia, kirolak, literatura, zinea, krisi sozioekologikoa, bertsolaritza, bidaiak... eta musika! Zerrenda luzea da. Denboraldi honetan, kirolzaleak pozik: zuzeneko kirol-emankizunik ez baita faltako! Eta bertsozalea ere bai, interesgarri dator Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du.

Musika zuzenean NAIZ Irratiko saio berezian

«Gure musikaren alde» aldarrikatu zuen pandemia garaiko hilabete ilunetan NAIZek. Beti eskutik joan dira proiektu hau, musika eta musikariak. Irratiaren lan talde eta kolaboratzaileen artean ez dira falta musikariak eta tarte berezia izan dute programazio berriaren aurkezpenean. Iñigo Asensio Bigarren Kafeko gidariak Postal Kolekzionistak proiektua ere badu, Ghaukon ari da Gartxot Unsain saio bereko aurkezlea, musikari gisa dezenteko bidea darama dagoeneko Estitxu Pinatxo Gramofonoko gidariak eta Beste bat saioetan aritzen den Ihana Iriondo ere ez da, dagoeneko, hasiberria. Denen musika izan da zuzenean eta borobiltzeko MusikHaria gidatzen duen Iker Gurrutxaga aritu da DJ lanetan.