IRRATIA

«Kezkatzen gaituen ebazpen bat da baina ez gaitu harritzen»

EAEko Auzitegi Nagusiak udaltzainen lan poltsarako euskara eskakizuna legez kanpokoa dela berretsi ostean, hizkuntza eskubideen aurka epaileek ezarritako «doktrina» kritikatu du Euskalgintzaren Kontseiluko Manex Mantxolak. Euskararen normalizazioaren aurkako mugimendu berri bat, Mantxolaren ustez.

Euskararen aurkako oldarraldia deritzotenaren aurrean Kontseiluak deitutako protesta baten artxibo irudia. (Monika del Valle | Foku)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


2021eko udaltzainen lan poltsa baterako deialdiaren aurkako ebazpena berretsi du orain Auzitegi Nagusiak. Euskara eskakizuna zeraman lan poltsa hark eta auzitegiak dio hori diskriminatzailea dela euskaraz ez dakitenentzat. Argudioen artean aipatzekoa euskal hiztunen hizkuntza  eskubideak aitortzen dituela, baina, hori bermatzeko dio nahikoa dela polizia bikotetik bakarrak euskaraz jakitea. «Kezkatzen gaituen ebazpen bat da baina ez gaitu harritzen», Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak azaldu duenez, «doktrina berri bat ezarri da auzitegietatik eta beraiek ari dira zehazten administrazioan, aldundian edo udalen eskumenaren gainetik zein den Euskal Herrian egin dezakegun hizkuntza politika».

Jarduteko modu sistematiko bat antzematen dute epaile horien aldetik, lanpostu publiko baterako eskubidearen nagusitasuna baita baliatzen duten argudioa. Baina argi du Mantxolak, elkarrekin ulertu beharreko eskubideak direla, eta ez dela bata bestearen gainetik jarri behar modu orokortuan, «Kontseiluak behin baino gehiagotan adierazi du ez direla bi eskubide kontrajarri lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak, baizik eta elkar osagarriak direla».