IRRATIA
Elkarrizketa
Amaiur Egurrola
Ernaiko kidea

«Antolakundea ekonomikoki itoaraztea da zigorraren helburua, politikoki desagertarazteko»

Arraun munduko ehun bat kidek bat egin dute iganderako Ernaik deitutako mobilizazioarekin. Ekimen honetaz eta Ernaiko hainbat kidek jasotako Mozal Legeaz hitz egiteko, NAIZ Irratian izan da Amaiur Egurrola, Ernaiko eleduna.

Amaiur Egurrola, Ernaiko eleduna egindako bidearen berri ematen. (Ernai)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Igandeko mobilizazioaren inguruko xehetasunak eman ditu Amaiur Egurrolak NAIZ Irratian, eta nabarmendu du ez dutela ekimen hori «modu defentsiboan» planteatzen. 133 isun eta, guztira, 290.000 euroko zigorra jaso dute Ernaiko militanteek Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko ekimenetan parte hartzeagatik.

Jardun politikoa eragotzi nahia salatu izan dute Ernaiko kideek. Zigorra jaso zutenetik hainbat hilabete igaro diren honetan, argi dute horren helburua antolakundea «ekonomikoki itoaraztea» dela, «politikoki desagertarazteko».

Besteak beste, crowdfunding kanpaina abian jarri dute, eta orain, ‘Arraunlariok bat eginez’ manifestua ere aurkeztu berri dute. 100 bat arraunlarik babestu dute dokumentua.

‘Arraunlariok bat eginez’ manifestua aurkeztu zen pasa den asteartean, zer nabarmenduko zenukete agiri horretatik?

Alde batetik, Ernaik jasotako isunen aurrean eta bizitzen ari garen operazioaren aurrean Euskal Herrian badagoela ehun bat elkartasuna saretzen duena eta arraunlariak ere horren erakusle izan direla esango nuke. Gainera, irailaren 8an izango da mobilizazioa, Kontxako bandera jokatzen den egunean, eta beraz, egun horretako giroa eta arraunlariek izango duten protagonismoa baliatuta elkartasuna adierazi nahi izan dute gure aurka abiatu den operazioarekiko.

290.500 euroko zigorra jaso zenuten. Une honetan zein da 133 gazte horien egoera?

Jaso ditugun isunak izaera administratibokoak dira, eta ekimen horietan parte hartu zuten 133 kideek jaso zituzten banan bana. Ez da ohikoena, izan ere, horrelako ekimenen zigorrak bide judizialetik joan ohi dira, eta epaiketa bat egoten da.

Gure kasuan, ez da bide judizialetik egin, administratiboki baizik, eta horregatik esaten genuen bere garaian hain desproportzionatua eta guztiz partziala zela Lakuak hartutako erabakia. Bide administratiboa itxi eta judiziala abiatzeko, isunen prozesua itxi behar genuen, eta behin ordainduta bide eman digu Kontentzioso-Administratiboan helegiteak jartzeko. Orain, helegite guztiak aurkeztuta, kasu judizial bat bezala landuko dugu, Segurtasun Sailaren desproportzionaltasuna salatuz; Segurtasun Sailaren aurka izango den epaiketaren dataren esperoan gaude.

Antolakundearen jardun politikoa eragotzi nahi dela salatu zenuten. Zigorra jaso zenetik hainbat hilabete pasatu dira, sentitu duzue zuen lanean zigorraren eragina?

Operazio hau bide ekonomikoetatik egitea XXI. mendeko jazarpen politikoaren bide bat da, zeinak antolakundeak itotzea duen helburu. Kasu honetan ere argi dago Ernai ekonomikoki itotzea helburu dutela, politikoki desagerrarazteko. Eta noski, pisu honek gure jardunean eragin bat izan du, horregatik jarri genuen crowdfounding kanpaina martxan, gure lana aurrera eramateko. Gure jardun politikoa aurrera eramateko bestelako egitasmo batzuk ere egingo ditugu.

Nola doa crowdfounding kanpaina?

Ez da erraza ia 300.000 euroko kolpe bat jasota antolakunde batek bere jarduna mantendu ahal izatea. Hala ere, atzoko arraunlariena elkartasun keinu bat izan zen, eta herri honetan badago nolabaiteko ehun bat horrelako errepresio kasuetan elkartasun sen bat pizteko eta erantzun bat emateko. Ikusi dugu gure inguruan elkartasun bat pizten eta beraz, bide horretan jarraitzea dagokigu.

Nolakoa izango da igandeko mobilizazioa?

13.30ean abiatuko da mobilizazioa Bulebarretik. Mobilizazioaren arrazoia Ernairen aurkako operazio bat da, ausaz ematen den zerbait ez den operazio modura ulertzen duguna. Hala ere, mobilizazioa ez dugu modu defentsibo batean irudikatzen, kontrara baizik. Une honetan Ernaik badu gaitasuna Estatu espainolaren proiektua inpugnatzeko eta egungo ordena inpugnatzeko, badu ahalmena gero eta gazte independentista gehiago batzeko, eta gainera, ezker independentismoak hegemonia sozial eta politikoak lehiatzen dituen unean aurkitzen gara. Argi ikusten dugu operazio honen helburua militante eta kide independentistak garela, eta mobilizazioaren erdigunean egongo den aldarrikapena independentziarena izango da: herri bat aurrera egiten eta gazteria herri horren lekukoa hartzen, borroka horretan aurrera jarraitzeko prest dagoen gazteria.

Nola ikusten duzue independentzia nahia gazteriaren artean?

Ikusten dugu independentziaren nahia ez dela zerbait abstraktua edo amets bat soilik; independentziaren beharra gazteriaren artean ikusten dugu, bai nazio auziak eta burujabetza ezak gure bizitzak zeharkatzen dituelako. Ez dugulako hezkuntza sistema propio bat, ez dugulako gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea, emantzipazio eskubidea kolokan dugulako, lan munduan zailtasunak ditugulako… eta beraz, independentzia etorkizuneko Euskal Herri justuago hori eraikitzeko tresna bakar gisa ikusten dugu. Tresna gisa ikusten dugu gure bizitzen inguruan erabakiak hartu ahal izateko, burujabetza kuota horiek eskuratu ahal izateko, eta herri hori guk nahi dugun eta guk behar dugun neurri horretara eraiki ahal izateko.

Zein helburu dituzue aurreikusita ikasturte honetarako?

Ikasturte hasiera da, eta oraindik ez dugu guztiz zehaztuta, baina kaleetan egoten jarraituko dugu, beharrezkoa izango delako orain artean piztu den bezala elkartasun pultsu hori mantentzea baldin eta operazio honi aurre egingo badiogu, eta kaleetan egotea eskatuko du horrek. Eta orain artean egin bezala antolakundearen jarduna mantendu ahal izateko ekonomikoki aurrera urratsak eman beharko ditugu.