IRRATIA
Elkarrizketa
Bea Ilardia
Abokatua

«Ez da lege berririk behar, sistema osoak haren izpirituari begira jardutea nahikoa litzateke»

Katramilatsua da oso Donostian bere bikotea erasotu aurretik erregistroan generoa aldatu zuen ertzainaren auzia. Bea Ilardia abokatuak emakumea erdigunean kokatzearen garrantzia azpimarratu du. Trans Legea ere defendatu du NAIZ Irratian, gakoa interpretazioan eta aplikazioan dagoela azalduz.

Genero indarkeria gisa epaituz gero, emakumea eta haurrak babestuagoak egongo liratezkela deritzo Bea Ilardia abokatuak (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Tentuz jokatu nahi du Bea Ilardia abokatuak Donostian pasa den larunbatean bere bikotea labankadaz erasotzen saiatu zen ertzainaren kasuaren inguruan hitz egiterakoan; prozedura judiziala hasi besterik ez da egin, arantzatsua da, eta hedabideen bitartez jasotako informazioa besterik ez du eskuartean. Hori bai, hausnarketa bat plazaratu nahi izan du abiapuntu gisa: «Genero indarkeriaren legearen aplikatzea saihestu izana ez da gauza berria».

Aurrerapen feminista bakoitzaren aurrean, «ultraeskuina, patriarkatua, matxismoa… birkokatu egiten dira beti», dio abokatu galdakoztarrak. Ikusten ari garen erreakzioa «birformulazio bat» besterik ez dela dio.

Prozedura judiziala, hasi berri

Egunek aurrea egin ahala poliedrikoa bilakatu da auzia. Baina iritzi publikoan polemika hasieratik piztu da. Gertakizunen larritasuna ez da gutxiagorako. Hasteko, inputazioa mehatxu larrien delitua izatea, eta ez hilketa saiakera, hautsak harrotu zituen. Zuhurtziaz jokatu beharra dagoela dio Ilardiak, instrukzioa zabaldu ostean prozesuak izan dezakeen garapena ikusteko baitago. «Ikerketa delitu jakin batengatik zabaldu izanak ez du esan nahi horrela amaituko denik». Frogapide asko aurkeztuko direla azaldu du, eta horrek baldintzatuko duela akusazioa.

Intentzionalitatea argitu beharra azpimarratu du. Epaileek emakumeak eta haurrak ez zirela zaurituak izan argudiatu du eta beraz, erasoa ez zela burutu erabili dute mehatxu delituen inputazioa argudiatzeko. Abokatuak argitu du mehatxuen delituaren kasuan asmoa beldurra sortu edo koakzioa sortzea den bitartean, hilketa saiakeraren kasuan bizitza kentzea dela. Beraz, «prozeduran frogatu beharko dena da zein izan zen intentzionalitatea, ez emakumea bere burua defendatzen saiatu zen ala ez».

Biktimen babesa, erdigunean

Bigarren korapiloa. Epaileak urruntze agindua ezarri zion ertzainari, eta ez kautelazko espetxealdia, esaterako. Ilardiak dio, norbere iritziak aparte, ohikoa dela jardunbide hori eta eztabaida lekuz aldatu du: «Kautelazko espetxealdia ez da ohikoa eta ez du izan behar. Horrek esan nahi du babes gabe utzi behar dugula emakumea? Ez». Beste neurri batzuk hartzearen aukera mahaigaineratu du eta intersgunea babesa izan beharko lukeela zehaztu du.

Arreta biktimarengan jarri beharko litzatekeela deritzo, eta ez erasotzailearengan. Kasu zehatz honetan, gainera, erasoa jasandako emakumea protagonista «beste zentzu batean» izan beharko lukeela deritzo eta zenbait elementuri dagokionez bere hitza kontuan hartu beharko litzatekeela. «Berari eskatu beharko litzaioke iritzia bikotearen genero aldaketaren inguruan. Hor jarri beharko litzateke indarra».

Begirada emakumearen ongizatean jartzea ere gakoa da hirugarren korapiloari dagokionez. Gipuzkoako Fiskaltzak instrukzio epaitegiari kasua genero indarkeriako epaitegira bideratzea galdegin dio. Genero indarkeria edo etxeko indarkeria gisa definitzearen eztabaidaren harira, Ilardiak azpimarratu du zigorra ez dela eztabaida. Are gehiago, ziurrena da antzekoa izatea. Ezberdintasun nagusia, beste behin ere, biktimaren babesa da. Emakumeen babes integralerako 1/2004 legeak baliabide teniko eta prfesional, dirulaguntza eta babeserako mekanismo gehiago eskaintzen die biktimei. Ez soilik emakumearen kasuan, baita haurren kasuan ere. «Kontu punitibistetan sartu baino, garrantzitsuagoa da jakitea emakumeak eta haurrek askoz gehiago galduko luketela haien eskubideetan».

«Fokoa trans legean jartze akatsa da»

Legeak badaude, iruzurra ere bai. Hala uste du abokatuak. «Enpresa batek iruzur egin dezake autonomo faltsuak kontratatzean; ezkontza iruzurrak ere gertatzen dira». Iruzur horiek frogatzen badira, kontratuak bertan-behera gelditzen direla azaldu du, eta gauza bera gertatuko litzatekeela dio frogatuko balitz Donostiako ertzainak iruzurra egin duela edota genero indarkeriaren legearen aplikazioa saihesteko egin duela genero aldaketa. Horrekin batera, abokatuak irudipena du ertzainaren asmoen artean ere bazegoela botere erakustaldi bat egitea, legediak eskainitako bideak erabiltzea galaraziz.

Trans legea aurrerakoia dela dio eta ez dela lege berririk behar. Afera, interpretazioa dela. «Ondo aplikatu behar da eta sistema judizial osoak, epaileek, fiskalek... bat egin behar dute legearen izpirituarekin». Sarritan hala gertatzen ez dela iruditzen zaion arren, oraingoan Gipuzkoako fiskalak «trataera nahiko ona» eman diola deritzo. Zalaparta ekidin behar den arren, gertakizunek hartutako dimentsio publikoa positibotzat jo du, baldin eta «biktima babestua badago». Kasu honek egunerokoan jaoztzen diren «jolas eta maltzurkeriak» ikusarazten lagundu duela deritzo.