«Donostiakoa prestigio handiko klasikoa da»
Asteburu honetako zita ukaezina Donostiako Klasikoa izango da. 236 kilometroko lasterketak berritasunak izango ditu aurtengo ibilbidean. Honen inguruko xehetasunak helarazteko NAIZ Irratian izan da Julian Eraso, lasterketako presidentea.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Lasterketarako egun gutxiren faltan antolaketa lanetan buru-belarri dabiltza Donostiako Klasikoko arduradunak. Aurten gainera, Klasikoaren aurretik, Olinpiar Jokoak egon dira. Eta honek ere bere eragina izan du Julian Erasok, lasterketako presidenteak, azaldu duenez.
Beti nahasten dute egutegia Olinpiar Jokoek. Nahiz eta txirrindularitzak ez duen etenik negutik udazkenera, lasterketa askok bat egiten dute zita olinpikoarekin eta lasterketa guztietan eragiten du. Tourra ere astebete aurreratu zen. Aurten Olinpiar Jokoak lehiatzen ari direnez, UCIk Klasikoa atzeratzea erabaki zuen, txirrindulariek aukera izan zezaten hona ere etortzeko.
Lastima aurtengoan Remco Evenepoel hasierako tropelean ez egotea, Marino Lejarretarekin batera, bera delako Klasiko kopuru gehien irabazi dituen txirrindularia. Hiru bakoitzak.
Deigarria da Donostiako Klasikoa. Egun bateko lasterketa, uda betean, eta Vuelta baino lehenago. Egun bateko lasterketak, ordea, oso erakargarriak dira txirrindulari eta taldeentzat eta Donostiakoak estimu handia du. Lasterketa UCI World Tour mailakoa da, horrek dakartzan eskakizun guztiekin. Asko dira, eta zorrotzak.
Hain zuzen, Gipuzkoako txirrindularitza federazioaren zuzendaritzak dimisioa blokean aurkeztu zuen kategorien arabera ezberdintasunak daudelako antolatzeko lanetan. Julian Erasoren hitzetan afera hau konpontzeko, Poliziak medio gehiago jarri beharko lituzke, eta elkarteek diru gehiago jasotzea instituzioen aldetik. Gauzak dauden bezala, ordea, datorren talde berriak lan mardula du aurretik gauzak konpontzeko.
Klasikoan ohikoak izan diraa Jaizkibel eta Arkale. Aurten, azken hau profiletik desagertu da. Berriz, inolako txantxa ez den Erlaitz topatuko dute txirrindulariek helmugatik 40 kilometrora. Berritasuna, berriz, Pilotegiko igoera izango da. 2 kilometro, bataz besteko ia %12ko pendizarekin eta uneren batean %27koa, helmugatik zortzi kilometro eskasera, erabakigarria izateko itxura osoarekin.