Bi Tour erdiko Tourra, zuzenean NAIZ Irratian
Ez da Parisen amaituko aurtengo Tourra, Olinpiar Jokoak tarteko, eta Florentzian hasiko da. Ekainaren 29tik uztailaren 21era txirrindularitzaren hitzordu nagusia zuzenean eskainiko du NAIZ Irratiak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Italian hasi eta Parisen amaituko EZ den Tourra izango da 2024ko hau, garaipenerako bi hautagai nagusi dituena, baina biak ere zalantzekin ageri direna. Baten kasuan, dagoeneko asko luzitu delako eta urteko hitzordu nagusirako nahikoa indar gorde duen ikusi beharko da; bestearen kasuan, alderantziz, min hartuta egon ostean ia zer sasoitan datorren ikusi beharko da.
Iñigo Asensio eta Julen Goikoetxearen eskutik eskainiko du NAIZ Irratiak 2024ko gizonezkoen Tour hau, «berezia» izango dela azpimarratu dute biek emankizunaren berri emateko irratian egindako aurrerapen saioan. «Bi Tour erdi» izango direla uste dute, lehen astean denbora ateratzeko aukera dagoelako eta, gehienean bezala, azken astea erabakigarria izango delako.
Urte osoan luzitu den Tadej Pogačarrentzat erabakigarria izango da Tourraren abiatze hori, sailkapen nagusirako lehian kontrario nagusi izango duen Jonas Vingegaardi tartea ateratzeko aukera izango duelako. Daniarra min hartuta izan da eta ikusteke dago zer sasoitan datorren Tourrera, lehen astean eusten badio Tourraren amaiera alde izango luke.
Euskaldunak eta Pirinioak
Euskaldunei dagokionez Pello Bilbao, Oier Lazkano, Alex Aranburu, Jonathan Castroviejo, Ion Izagirre eta Mikel Landa onenen artean egoteko moduan izango dira, sei euskaldun baina a zer sei! Denak ere etapa lehian espero ditugu eta Landa bere taldeko buru ere bihur daiteke Tourra abiatzerako.
Pirinioak berriro ere asteburuan izango dira, eta beraz, euskal herritarrak zientoka espero dira malda nagusietan. Uztailaren 13an, larunbatarekin, igoko dute Tourmalet txirrindulariek eta 14an Peyresourde, Plateau de Beille-en amaituko da igande horretako etapa erabakigarria.
Emakumezkoena abuztuaren 12tik aurrera
Olinpiar Jokoak tarteko Nizan amaituko da gizonezkoen Tourra eta emakumezkoena normalean baino beranduago izango da, abuztuaren 12tik 18ra. Rotterdamen hasiko da eta Alpe D'Huezen amaituko, etapa ikusgarri batekin. NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko dizkizue bi lasterketak. Laboral Kutxak babestutako saioak izango dira; emakumezkoen Tourrean ariko den taldeetako bat da Laboral Kutxa.