IRRATIA
Elkarrizketa
Peio Dufau
6. hautesbarrutiko Fronte Popular Berriaren hautagaia

«Historikoa da, Parisera hiru ordezkari euskaltzale igortzeko aukera dugu»

Ekainaren 30ean eta uztailaren 7an izango diren hauteskunde legislatiboetan 6. barrutiko hautagaia Fronte Herritar Berriaren aldetik, EH Baiko kidea eta Ziburuko alkateordea da Peio Dufau. Sindikalista gisa izan da aurrez ezaguna eta baita Bake Bidea mugimenduan izan duen parte-hartzeagatik ere.

Peio Dufau NAIZen eta Mediabasken Urruñako erredakzioan (Guillaume Fauveau)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Eskuin muturra geratzea da ezkerraren erronka Asanblea Nazional frantseserako hauteskundeetan. Euskal Herrian inoiz ikusi gabeko forma hartu du Fronte Herritar Berriak, EH Bairen parte-hartzearekin. Peio Dufau hautagaiak hiru euskal barrutietan irabaz dezaketela uste du, «historikoa da» dagoeneko Fronte Herritar Berrriak Euskal Herrian hartu duen forma, bere hitzetan, abertzaleak barne dituelako eta lehen aldiz Parisera hiru ordezkari «gutxienez euskaltzale» igortzeko aukera dagoelako.

Europako hauteskunde gauean bertan Macronek hauteskundeak deitu zituenean zer pentsatu zenuen?

Historikoa litzakeela ezker guztia batzea eta hori da gertatu dena. Parisen fronte herritar bat eraikitzen ari zela jakitean EH Baik txalotu egin zuen hori publikoki eta berehala ezkertiar horiek etorri dira EH Bairengana hitz egiteko eta ikusteko nola egin bat Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan fronte herritar horren alde.

Ekainaren 9an ultraeskuina izan zen lehen indarra herri askotan, zergatik?

Arrazoia da Emmanuel Macronek eraman duen politikak sekulako kalteak sortu dituela jende xumearentzat eta haserre handi bat ere eragin du, mespretxu handi batekin aritu baita. Atorra horien mugimendua izan zen garaian, orokorrean jendartea kontra kokatu da. Azken hauteskundeetan berriz Macron bozkatu dute, baina ez zuen gehiengorik eta beste alderdiekin lan egin behar zuen, horren ordez 49.3 artikulua anitz erabili du bere legeak bortxaz ezartzeko, erretreten erreforma, bereziki, eta beste hainbat ere bai. Jendea asko haserretu da bere kontra eta haserrea azalarazteko bide bat topatu dute hor.

«Anitz urtez abertzaleok edo ezkertiarrok kontra bozkatu dugu eta hor bat egiten dugu esperantza bat eramateko eta esateko ‘bada proiektu bat gaur egun ezkertiar alderdiok bat eginik eramateko prest garena, esperantza pizten duena eta eskuin muturrari aurre egiteko beharrezkoa dena’».

Gainera, frantses hedabideek bultzatu dute Marine Le Pen eta bereziki Jordan Bardella, lehen ministro bilakatu nahi duena. Eskuin muturraren alde jokatzen dute hedabideek, dirudunak direlako euren jabe eta dirudunek nahikoa begi onez ikusten dute Macron ez bada Jordan Bardella izatea, ekonomikoki antzekoa izango litzatekeelako. Baina gauk badakigu gure baloreetan oinarrituta, onartu ezinezko helburua dutela eta horren aurka egiteko batu gara.

Nolako harrera izan du EH Baik gainerako ezkerreko mugimenduen artean?

Bereziki baikorra, helburua da irabaztea, parean eskuin muturra dugu. Ez da unea ikusteko zer dugun diferentzia gisa, begiratzen ari garena eta eraikitzen ari garena da komunean ditugun puntu guztiak, eta baditugu hainbat.

Euskal Herriari buruzko puntu batzuk baziren beharrezkoak zirenak: euskararen egoera babestea, koofizialtasuna, herri elkargoaren etorkizuna… hainbat puntu eraman ditugu mahai gainean eta esan diegu: ‘Parisko ezkerreko puntuekin guk bat egiten dugu, baina kontsentsu bat nahi dugu hemen gure puntuekin, Euskal Herriari lotuak diren puntuekin’. Horiek onartu dituzte arazorik gabe eta lan egiten dugu elkarrekin. Sekulako kanpaina egiten ari gara orain, alderdi guztien militanteak kalean dira egunero eta batzuetan merkatuetan traktak banatzen 25 pertsona gaude. Bada zinez mugimendu bat, hori sentitzen da, esperantza sentitzen da.

«Hitz egin genuen Parisekin zuzenean, La France Insoumiseko (LFI) buruarekin eta esan genion ‘hemen ezkerrak irabazi nahi badu ezin dira jarri LFIko batzuk ez direnak euskararen alde edo Euskal Herriaren alde’; eta ongi entzuna izan da mezu hori».

Anitz urtez abertzaleok edo ezkertiarrok kontra bozkatu dugu eta hor bat egiten dugu esperantza bat eramateko eta esateko «bada proiektu bat gaur egun ezkertiar alderdiok bat eginik eramateko prest garena, esperantza pizten duena eta eskuin muturrari aurre egiteko beharrezkoa dena».

Frantziako ezkerrak Euskal Herriarekiko izan duen jarrera historikoa kontuan hartuta jende bat harritu du EH Baik hartutako bideak…

Garrantzitsua da urratsa guretzat, historikoa. Euskal Herritik, EH Baitik, hitz egin genuen Parisekin zuzenean, La France Insoumiseko (LFI) buruarekin eta esan genion «hemen ezkerrak irabazi nahi badu ezin dira jarri LFIko batzuk ez direnak euskararen alde edo Euskal Herriaren alde»; eta ongi entzuna izan da mezu hori. Hiru hautesbarrutietan irabazgai dira hautagaiak. 6. barrutian ni, 5.ean Colette Capdevielle baina Alain Iriart ordezko gisa; Hiriburuko auzapez, aski ezaguna, inportantea EH Bain baina baita hortik kanpo ere… Gauza anitz mugitu dira denbora tarte oso motzean, eskuin muturra aurrean genuela ikusi genuen eta ez genuen beste aukerarik ezkertiarrok irabazi nahi bagenion.

Euskara, aitortza instituzionala… gainerakoek berehala onartu dituzte ala zailtasunak izan dira?

Tokiko hautagaiek berehala onartu dituzte. Colette Capdeviellekin lan egin izan dugu, garaian diputatua izan zelarik bake prozesuaren alde aritu zen eta jakinean da. Iñaki Echaniz, 4. barrutian aurkezten denak ere bi urte daramatza diputatu gisa eta bi urte horietan defendatu du euskara, bake prozesuaren alde urratsak eman ditu, babestu ditu etxebizitzaren gaia, hemen arazo nagusietako bat, babestu du tokiko laborantza… sekulako lana eraman du. Ez da zaila izan guk eramandako proposamenekin bat egitea. Historikoa da emaitza eta baliteke Euskal Herritik hiru ordezkari igortzea Parisera, hiru, gutxienez, euskaltzale, esango nuke.

Euskal Herritik Parisera euskaldun baten hitza eramatea ere garrantzitsua litzateke

Aspaldian ez da euskaldunik izan Asanblean, hemengo errealitatea Parisera eramatea eta han EH Baiko norbait kokatzea zuzenean hitz egin ahal izateko hango ordezkariekin garrantzitsua da. Beti bitartekariekin aritu gara; bake prozesuaz eta besteko gailetan. Parisera baldin banoa helburua sare bat osatzea izango da eta azaltzea zein den gure egoera Ipar Euskal Herrian eta lan egitea gerora begira egoera hobetzeko.

Nor izango da Fronte Popular Berriaren hautagaia lehen ministro izateko?

Gure lehentasuna Ipar Euskal Herria ongi ordezkatzea da. Ez gara ongi kokatzen oraindik nor izango den lehen ministro, ez dakigu emaitza zein izango den, momentua iristean izango dugu nahikoa denbora aztertzeko eta erabakitzeko. Momentuan entzun duguna da Jean-Luc Melenchon ez dela pertsona egokia, gizartea zatitu egiten baitu. Esan du ez duela lehen ministro izan nahi. Hedabide frantziarrak ari dira maiz auzia hor kokatzen, manipulatzeko, «begira, Melenchon ez duzue maite eta hori eman nahi dute», ezkerrari oztopo egiteko da hori. Gu hortik harago gaude begira, gizarte proiektu bat eraman nahi dugu, ezkertiarra eta Frantzian Euskal Herria entzunaraziko duena.

Ezkerreko alderdien arteko oraingo sinergiek gerorako ere balioko dute?

Bai, argiki. Ni Ziburun hautetsia naiz, auzapezordea. Bertan auzapez abertzalea izan arren, batasuna bat eraiki dugu ekologistekin, Alderdi Sozialistakoekin… ez bakarrik Ziburun, baita beste hainbat lekutan ere. Oraingo urratsaren bidetik segi dezagun eraikitzen. Norbaitek esan zidan Ipar Euskal Herri honetan paretak baizik ez direla ezkerrean kokatzen, baina nik uste dut ez dela horrela, ezkerra zatitua egon denez emaitzak ahulak izan dira, aldiz orain beste bide bat irekitzen ari da: Euskal Herriaren errespetuan oinarritua, hori baitugu helburu, ezkertiar izateaz harago. Biak behar dira lotu eta ari gara elkarlotzen.

Bigarren itzulira igarotzen bazarete ikustekoa izango da pasa ez diren hautagaien jarrera, zer espero duzue?

Pentsatzen dut eskuin muturrari oztopo egin behar zaiola, eta besteek era badakite hori. Gure kasuan Ziburun, baina auzapez abertzaleak dituzten beste herrietan ere, ikusten dute gainerakoek beste alderdi guztiekin, baita eskuindarrekin ere, nola lan egiten dugun egunero. Hori ez da konparagarria eskuin muturrak duen jarrerarekin, guk eramaten dugu politika herriari egokitua dena; pragmatikoa batzuetan, hori ere behar baita, baina ezkertiarra. Hor erakutsi dugu bidea hainbat urtez eta ezin dut sinetsi eskuindar batek ere eskuin muturraren aldeko botoa eskatuko duenik, gu parean izan da. Ez dut sinesten ahal, ez baita onargarria.