«Seme-alabek galdetuko digute zer egin genuen Palestinaren aurkako genozidioa gertatu zenean»
'Gure haurrak ere badira' manifestua babestu zuten guraso elkarteen, ikastolen eta sindikatuen babesarekin agerraldia egingo dute Bilbon ekainaren 16an. Sarraskia gelditzeko hainbat eskari egingo dituzte, Cris Cordeirok Naiz Irratian aletu dituenak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Palestinan gertatzen ari denarekiko kezkatuta, bereziki, bertako haurrak eta nerabeak pairatzen ari diren sarraskia, Euskal Herriko hainbat guraso elkartek eta ikastolek euren indarrak batu zituzten genozidioa geldiarazteko. Urritik hona askotariko ekimenak bultzatu izan dituzte Gasteizen, eta bide horretan sortu zuten 'Gure haurrak ere badira' izeneko manifestua ere. Apirilaren amaieran aurkeztu zuten Bilbon, sindikatuen babesarekin kasu honetan.
Hurrengo urratsa, Bilbon deitutako agerraldia izango da, ekainaren 16an elkarbizitzaren plazan. «Gure seme alabek galdetuko digute zer egin genuen Palestinaren aurkako genozidioa gertatu zenean. Eta jakin behar dute Palestinaren ondoan egon ginela. Gauza bera eskatzen diegu erakundeei», azaldu du Cris Cordeiro elkarte deitzaileen ordezkariak.
Bilbon egingo duten agerraldi hartan euren aldarrikapen nagusiak aletuko dituzte; besteak beste, Palestina arlo diplomatikoan babestea, Israelekiko harreman politiko eta komertzialak berehala haustea eta berehalako su-etena ezartzea Gazako Zerrendan.